TARTALO
TARTALO ETA HAMALAU (Tes)
TARTARO ESKER ONEKOA (Tes)
TARTALO ETA BI ANAIAK (Tes, AUDIOA)
TARTALOETXEITA (Tes)
TARTALO HIRU GAZTEEKIN LEHIAN (Tes)
TARTALO GIZON INDARTSUA (Tes)
TARTALO ETA ARTZAINA (Tes)
TARTARUA (Tes)
TARTARO ETA PETIT PERROQUET (Tes)
TARTARUA ETA HIRU ANAI (Tes)
TARTARO ETA MUTILA (Tes)
ALARABI, ERRALDOI ETA GIZA-JALEA (Tes)
1. Tartalo eta Hamalau
Ba omen ziren bi gizon indartsu. Tartalo bata, begibakarra eta erraldoia, eta Hamalau, artzain gaztea, bestea.
Tartalo mendian bizi zen eta ardi eta giza haragiz elikatzen zen. Behin batean, mendira ardi bila zihoala, artzain gazteak Tartalorekin egin zuen topo.
–Nora hoa, mutiko?
–Ardi bila.
–Goazemak nire kobazulora.
Eta kobazulo hartara joan ziren. Tartalok mutila oso ondo hartu zuen eta ederki afaldu zuten biek elkarrekin.
–Jar ezak, mutil, burruntzalia sutan eta jan ezak horrako izter hori, hik ere jana izan behar duk eta.
Ondoren, lotara joan ziren. Hamalau oso beldurturik zegoen: bazter batean pertz handi bat zintzilik ikusi zuen, giza besoz eta izterrez beteta. Beste zoko batzuetan, berriz, ardi-larru eta gizon eta emakume askoren soinekoak.
Hamalauk hura ikusirik, gorpu bat bere ohean sartu eta bera ohe azpian sartu zen. Gauerdian Tartalo ganbarara etorri zen eta labana sartu zion ustez Hamalauri. Ondoren, ohe azpira bota zuen gorpua eta lotara joan zen.
Hamalauk, erabat izuturik, sua piztu zuen, orduan, eta burruntzalia goritu zuen bertan. Tartalo lo seko zegoela ikusirik, artzainak burruntzi goria begitik sartu zion eta itsuturik utzi zuen. Haren garrasi eta uluak! Mutila ardi-larru artean gorde zen.
Tartalo kobazuloko atean zegoen, izterrak erdi zabalik zituela. Ardiak bere izterpetik kanpora zihoazen. Tartalok ardi bakoitza ilean ukitzen zuen.
–Galdua nauk –zioen bere artean mutilak. Baina burutapen on bat izan zuen: Tartalok ez ezagutzeko, bera ere ardi-larruz jantzita igarotzea. Hala jantzi zen eta erraldoiaren izterpetik igaro zenean, bizkarrean ukitu zuen. Baina Tartalok ez zuen nor zen igarri.
Hamalau handik irten zenean, pozik ardi-larrua bota eta korrika hasi zen.
–To, hau hirea duk!
–Hago pixka bat! –erantzun zion Tartalok eta eraztun bat bota zion– To eraztun hau, eta sar ezak hatzean.
Polita zen eraztuna eta Hamalauk hatzean sartu zuen. Eraztuna, ordea, hiztuna zen. Eta honela esaten zuen:
–Hemen nauk, hemen nauk!
Tartalo lasterka zihoan mutilaren atzetik. Mutilak ezin zuen hatzetik eraztun salataria kendu. Labana batez moztu zuen hatz txikia eta putzu batera bota zuen eraztun eta guzti.
Eraztunak berriz ere: –Hemen nauk! Tartalo uretara blast! eginez erori zen eta han ito zen.
Eta handik aurrera, artzain hura nahi bezala bizi izan zen.
2. Tartaro esker onekoa
Munduan beste asko bezala, Nafarroa Beherean guraso batzuk bizi ziren beren hiru semeekin.
Behin batean, aita ehizara atera zen eta kopetan begi bakarra zuen Tartaro erraldoia topatu zuen. Etxera eraman eta ukuiluan gorde zuen. Gero, senide eta lagunei deitu zien biharamunean bere etxera afaltzera joateko esanez, afalostean ammalia harrigarri bat erakutsi beharziela eta.
Goizean goiz Gartzea, seme gazteena, ukuilura joan eta aitak ehizan harrapatu omen zuen piztiari begira aritu zen zirrikitu batetik. Halako erruki handi bat sentitu zuen berehala giltzapeturik zegoen erraldoi harengatik.
-Zertan lagun diezazuket? -galdetu zion.
-Aska nazak hemendik -erantzun zion Tartarok.
-Baina giltza ez daukat nik-erantzun zion mutikoak.
-Giltzen iltzean egongo duk zintzilik ziur aski; hoa eta bila ezak.
Mutikoa joan zen, giltza aurkitu zuen eta Tartaro askatu zuen.
-Eskerrik asko! Hemendik aurrera hire zerbitzari izango nauk! Nitaz behartzen haizenean, deitu!
Gaua etorri zenerako etxea apaindua zegoen, gonbidatuei behar bezalako harrera egiteko. Afalostean, etxeko nagusiak ahaide eta lagunak Tartaro ikustera eraman zituen, baina ukuilua hutsik zegoen. Orduan sentitu zuen lotsak eta amorruak bere onetik aterata, esan zuen:
-Gustura jango nuke oraintxe gordin-gordinik eta batere gatzik gabe nire piztiari ihes egiten utzi dionaren bihotza!
Aitaren hitz gogor horiek entzunda, beldurra sartu zitzaion mutikoari eta etxetik alde egin zuen. Luzaroan oinez ibili zen eta laster gosea eta nekea jabetu zitzaizkion. Zer egin ez zekiela zegoen baina, horretan, erraldoiak esandakoa etorri zitzaion burura eta oihuka deitu zion:
-Tartaro! Tartaro! Tartaro!
Erraldoi begibakarra azaldu zitzaion eta Gartzeak gertatutako guztia jakinarazi zion.
-Aurrerago hiri bat zegok eta han erregea bizi duk. Haren zerbitzuan sartuko haiz lorazain. Lorategian aurkitzen duan guztia atera ezak eta hurrengo egunean lehen baino ederrago haziko duk derna Hiru lore eder ernatuko dituk, har itzak eta eraman erregearen hiru alabei, politena alaba gazteenarentzat utziz.
Mutilak Tartaroren esana hark agindu bezala bete zuen. Gaztelura joan eta lorazain-lana eskatu zuen. Han zeuden barazki eta landare guztiak zuztarretik atera zituen eta biharamunean sekula baino indartsuago eta ederrago ernatu ziren, Hiru arrosa usaintsu ere atera ziren eta Gartzeak hiru printzesei eraman zizkien. Politena gazteena-rentzat gorde zuen, eta erabat maitemindu zen haren begi handiez.
Halako egun batez hirian berria zabaldu zen erregeren alaba gazteena zazpi urtez behin bere leizetik atera eta inguru guztiak abarrakitzen zituen herensugeari eman behar ziotela. Mutilak, amodioz eta errukiz, Tartarori deitu eta zer gertatzen zen kontatu zion. Tartarok zaldi bikain bat, jantzi eder bat eta ezpata distiratsu bat eman zizkion, eta esan zion:
-Hoa gaur gauean basora, ezkuta hadi han, eta hil ezak sugea burua leizetik ateratzen hasten den bezain laster.
Gartzea basora joan zen, bada, bere lagunaren agindua betez. sastraka batzuen atzean ezkutatu zen, eta zain geratu zen. Biharamun goizean, goiz orduz, erregeren soldaduek printzesa hara eraman zuten eta zuhaitz bati lotuta utzi zuten, herensugearen leize sarreraren aurre-aurrean. Eta handik ihes egin zuten.
Luzera gabe herensugeak burua atea zuen, eta Gartzeak ezpata kolpe batez moztu zion. Neskaren loturak ebaki zituen eta handik alde egin zuen. Neskak ez zuen bere salbatzailea ezagutu eta han inor ez zegoela ikusirik, gaztelura itzuli zen. Aitak pozak zoratzen hartu zuen eta jakinarazi zuen herensugea hil zuen zaldun ausartarekin ezkonduko zuela alaba, baina ez zen inor azaldu. Orduan, erregeak, kanpai batetik eraztun bat zintzilikarazi zuen eta handik lantza igaroarazten zuenarentzat agindu zuen alaba.
Gartzeak Tartarori deitu zion eta hark beste zaldi bat eman zion, aurrekoa baino askoz azkarrago eta dotoreagoa, eta harekin batera jantziak eta zilar koloreko ezpata.
Lehiaketaren eguna iritsi zenean Euskal Herri osotik joandako zaldun pila bat zegoen, erronka hura irabazteko zein baino zein prestuago, baina kanpai baten mihitik zintzilik dagoen eraztun batetik lantza pasaraztea uste baino lan zailagoa da. Gartzearen txanda iritsi zen. Tartaroren zaldi gainean zihoala, hain laster igaro zen aurretik non ikusle askok ez baitzuten ia ikusi ere, eta garbi-garbi pasatu zuen lantza eraztunetik; gelditu ordez, ordea, galapan jarraitu zuen.
-Aita! -egin zuen oihu printzesak- badoala berriro ere!
Erregeak bere geziajaurti eta hanka batean jo zuen gaztea; hark ordea bere bideari jarraitu zion, eta basoan ezkutatu zen. Printzesa lorategira joan zen bakar-bakarrik negar egitera, bizia salbatu zion ezezagun ausart hartaz enamoraturik baitzegoen. Lorezaina topatu zuen han, herrenka. Zer zuen galdetu zion, eta arantza bat sartu zitzaiola erantzun zion mutilak. Mutilak zerbait ezkutatzen zion susmoa hartu zuen printzesak; horrela bada, aitarengana joan eta mutilaren gaixotasuna ikertzeko eskatu zion. Erregeak bere aurrera ekarrarazi zuen eta zauria erakusteko agindu zion. Harrituta, oraindik berakjaurtitako gezia izterrean sartuta zuela ikusi zuen.
Ezkontzarako prestakuntzak egin zituzten eta Gartzeak bere familia gonbida zezaten agindu zuen eta bazkarian, aitari arkume-bihotz erdi gordina eta gatzik gabea emateko agindu zien zerbitzariei. Berari horrelako janaria ematen ziotela ikusi zuenean, aitak gaizki hartu zuen. Orduan, semeak (aitak ez baitzuen ezagutu) esan zion:
-A! Aita! Ez al zenuen bada esan Tartarori ihes egiten lagundu zionaren bihotza gordin-gordinik eta gatzik gabe gustura jango zenukeela? Nik lagundu nion, bada, eta jakin ezazu Tartarok lagundu izan ez balitz ez ginatekeela zu eta ni hemen, erregeren mahaian, egongo.
Handik aurrera denak zoriontsu izan ziren, eta, bizi izan ziren bitartean, Tartaro izan zuten zaindari.
EUSKAL HERRIKO LEIENDAK. Toti Martinez de Lezea
3. Tartalo eta bi anaiak
Elezaharrak dioenez, joan ziren bi anaia mendira ehizan egitera, eta izugarrizko ekaitza etorri omen zitzaien gainera. Babesteko asmotan, inguru haietan zegoen etxola handi batean gorde ziren.
Berehala, atzetik artalde bat sartu zen, eta, haiekin artzaina, begi bakarreko gizon handi bat. Sartu ahala, harri handi batekin itxi zuen sarrera, eta berehalaxe konturatu zen bi anaiak barruan zeudela. Orduan, Tartalok esan zien anaietan nagusiena jango zuela afaltzeko, eta gaztea hurrengo egunerako utziko zuela.
Horrela, bada, sartu zion burruntzia anaia zaharrenari, erre zuen sutan, eta jan egin zuen. Betekadaren ondoren, lurrean etzanda, zerraldo gelditu omen zen lotan.
Hura ikusirik, Antimuñok, anaia gazteak, burruntzia sutan goritu eta begi bakarrean sartu zion. Tartalo marruka altxatu zen, eta, burruntzia begian iltzatua zuela, gaztearen bila hasi zen, baina itsu zegoen eta ardi tartean ezin izan zuen aurkitu anaia gaztea.
Goizean, ateko harritzarra kendu, eta irteeran kokatu zen hanka zabalik. Ardiei banan-banan haien izenez deitu, eta hanka tartetik ardiak kanporatzen hasi zen, anaia gaztea harrapatzeko asmotan. Gazteak, ardi larru bat bizkarrean zuela, lau hankatan, beste ardiekin batera, kanpora ihes egin zuen artzainaren hanka tartetik. Tartalok igarri egin zuen, eta, gaztearen hanka hotsa jarraituz, haren atzetik abiatu zen lasterka. Gazteak, osin batera jauzi egin, eta alde egin zion igerian. Tartalok igerian jakin ez, eta putzu sakonean ito omen zen.
4. TARTALOETXEITA
Kortezubiko Tomas Kobeagak kontatuta 1919an
Behin bi mutil lurreratu eta bekokian begi bakarra zuen artzainarekin topo egin zuten, eta berarekin joan ziren kobara.
Sartu zirenean, artzainak harlanduzko atea itxi egin zuen. Gero sua egin eta mutil bat hartu zuen. Gaztearen hanka bat azpian hartu eta bestetik eskuarekin oratu, eta urratu eta erdibi egin zuela.
Gero, erdi bat kakuan ipini zuen, eta beste erdia burduntzian erre eta jan zuen.
Beste mutilari jatekoa eskaini zion, baina hark ez zuen jan. Artzaina lotaratu zenean, mutil hori atea irekitzera joan zen, eta ireki ezin zuenez, artzainaren burduntzia sartu zuen.
Artzaina esnatu zen, baina ezin bilatu mutila, hango ardinarru artean sartuta zegoelako. Artzainak bere hanka biren erdi-bitik bota zituen ardi eta ardinarru denak kanpora, baita mutila ere ardinarrua zelakoan, ardinarrua lepoan zueneta.
Geroago, artzaina uluak egiten hasi zen mutila aurkitu ez zuenean.
5. Tartalo hiru gazteekin lehian
Zegaman kontatzen da honeako elezahar hau:
Tartaloen erregeak alaba bat zeukan; eta honek adiskide bat egin zuen. Aitak alabari esan zion, hiru gauzetan bera baino indartsuagoa izango zen suhi bat nahi zuela. Alabak erantzun zion bere adiskidea gai zela eta hiru lanak izendatzeko.
Lehenengo gauza zen, ea nork atera errotik pago bat eskuz. Erregeak hartu zuen gerritik pago lodi bat eta osorik atera zuen, Izarra baserriko pagaditik. Suhiak lokarri bat hartu zuen eta berarekin pagadi osoa inguratu zuen. Erregeak hori ikustean horrelakorik ez egiteko eskatu zion, bestela, egurrik gabe eta ardientzat babesik gabe geldituko zirelako.
Bigarren gauza, palanka nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen eta ondoren suhiak Salamancaraino botako zuela iragarri zuen. Erregeak horrelakorik ez egiteko esan zion, bere ahaide guztiak hiri horretan bizi zirelako.
Hirugarren gauza, harri bat nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen; suhiak, berriz, eskuan gorderik zuen xoxo bat hartu eta askatu egin zuen. Xoxoak Arakama baserri aldera jo zuen eta ezkutatu egin zen. Orduan erregeak adiskidearekin ezkontzeko baimena eman zion bere alabari.
6. TARTALO GIZON INDARTSUA
Behin batean, bi gazte mendira joan ziren. Mendian ibili eta ibili galdu egin ziren. Euria gogor ari zuen eta azkenean etxe bat ikusi zuten: Tartaloren etxea.
Barrura sartu ziren eta han zegoen Tartalo, gizon handia eta indartsua. Buruan ile luzea zuen, aurpegian bizar asko, eta bekokian begi bakar bat. Zein itsusia Tartalo erraldoia!
—Bihar zu izango zara nire bazkaria eta zu -besteari begiratuz- nire afaria -esan zien Tartalo gaiztoak bi gazteei-
Gero bat harrapatu eta esan zion:
—Nik trankil lo egin nahi dut. Horregatik eraztun hau ipiniko dut zure behatzean. Ez irten hemendik; kanpora bazoaz eguzkiaren argiaz errepikatuko du: "HEMEN NAGO; HEMEN NAGO"
Tartalo lurrean etzan eta laster lotan zegoen. Gazte biek, ordea, ez zuten lorik egin.
—Zer egingo dugu?- esan zuen batek isil-isilik.
—Ba dakit zer egin-erantzun zion lagunak. Eta kontatu zion plana ihes egiteko.
Isil-isilik zutitu ziren biak. Burni luze bat hartu eta sutan ipini zuten ondo berotzeko. Gori-gori zegoela hartu eta begitik barrura sartu zioten burnia: zazt!
Orduan, Tartalok oihu handi bat atera zuen minez beterik.
Zutitu zen eta errabiaz hasi zen gazteen bila, baina hauek ondo gorde ziren:
—Non zaudete madarikatuok? Harrapatuko zaituztet! Non zaudete?
Ez zuen ezer ikusten Tartalok eta ezin zituen aurkitu.
Azkenean atea ireki zuen eta gazteak korrika irten ziren Tartaloren etxetik.
Baina eguzkiaren argiaz eraztunak errepikatzen zuen "HEMEN NAGO, HEMEN NAGO". Tartalo ere korrika hasi zen gazteen atzetik.
Halako batean, gazteak eraztuna behatzetik atera eta patin batetara bota zuen. Patin barruan ere errepikatzen zuen "HEMEN NAGO, HEMEN NAGO"
Tranpa bat asmatu zuten Tartalorentzat: soka bat ipini zuten patin ondoan, Tartalo atzetik zetorren korrika. "HEMEN NAGO" entzuterakoan farrez ari zen:
—Harrapatuko zaitut! Oraintxe harrapatuko zaitu! Hil eta jango zaitut!
Baina Tartalok ez zuen ikusi soka eta bertan oztupatu zen; buruz aurre patin barrura erori zen eta han ito zen gure Tartalo itsusi eta erraldoia!
7. TARTALO ETA ARTZAINA
Behin batean, Araba aldean artzain bat bizi zen, Peru Armentia zeritzona. Peruri mendian ardi bat galdu zitzaion eta haren bila joan zen, azkenean, baso baten ondoan aurkitu arte.
Ardia aurkitua zuenean, erraldoi ikaragarri bat agertu zen han, aurpegian begi bakarra zeukana.
Tartalo zuen izena.
Tartalok bai Peru artzaina eta bai beronen ardia ere lepoan hartu eta bere bizilekura eraman zituen. Erraldoi haren etxea haitzulo handi bat zen mendietan zegoena.
Behin haitzulora sartu ondoren, Tartalok Peruren ardia hil zuen eta sutan erretzen ipini ere bai, afaltzeko asmoz.
Afaria amaitu zuenean, Tartalo erraldoiak Peru bere esku artean hartu eta honela esan omen zion barrezka:
-Ja, ja, ja! Zure ardia jan dut eta oso gozoa izan da. Bihar, aldiz, zu jango zaitut bazkaltzeko, ja, ja, ja!
Ondoren, Tartalo lurraren gainean etzan eta bertan lo gelditu zen. Atearen ondoan jarrita zegoen, ordea, Peruk ihes egiten bazuen, haren pausoak berehala entzuteko, erraldoiak belarri zoli-zoliak zituen eta.
Artzain gaixoa ikaraz gelditu zen.
Biharamunean Tartalok jango zuen, ezer egiten ez bazuen behintzat. Baina, zer egin zezakeen berak handik irteteko?
Haitzulo hartan, sutondoan, burduntzia zegoen, erraldoiak okela erretzeko zerabilena, eta beronek ideia bat ekarri zion Peruri burura.
Burduntzia sutan ipini zuen artzainak eta garren beroaz burdina gori-gori jarri zen berehala.
Ondoren, isilka-misilka ibiliz, Tartalo lo zetzan tokira joan zen Peru, burduntzi goria eskuan zeramalarik.
Eta bere indar guztiekin, DZAUST!, begian sartu zion Peruk burduntzi goria, erraldoiari min ikaragarria eginez.
Tartalo minez, oihuka eta deiadarka hasi zen haserrez.
Artzainak bere begi bakarra errea zion eta ezin zuen ezer ikusi.
Itsu gelditua zen. Bitartean Peru haitzulotik iheska zihoan arineketan.
Itsututa zegoen arren, erraldoiak, lehen esan dugunez, oso ederki entzuten zuen eta artzainaren pauso hotsen atzetik abiatu zen korrika eta orroaka, Peru harrapatu nahirik.
Tartalok bazeukan eraztun magiko bat eta halako batean Peruri jaurtiki zion, hauxe esanik:
-Horra doakizu. Orain bai harrapatuko zaitudala! Ikusiko duzu!
Eta eraztun magikoa Peruren eskuraino joan zen, han gogor-gogor sartuta geldituz.
Kentzeko indar handia erabili arren, artzainak ezin zuen eraztuna atzamarretik kendu eta gainera, hizketan zekienez gero, eraztun magiko hura, boz goraz, honela esaten hasi zen:
-Hemen nago! Hemen nago!, Tartalori Peru nondik nora zebilen agertuz.
Korrika zebiltzan biak, bada, Tartalo Peruren atzetik, eta halako batean, DRAK, amildegi baten ondora heldu zen gure artzaina, aurrerago joan ezinik. Atzetik erraldoia zetorkion, eraztunaren bozak bidea erakutsita.
Bere burua ia galdurik ikustean, Peruk bere indar guztiekin tirakada handia egin eta azkenik eraztun magikoa atera zuen atzamarretik. Ondoren, amildegira bota zuen. Eraztunak, hala eta guztiz ere, Hemen nago! Hemen nago! segitzen zuen esaten.
Tartalo eraztunaren boza zetorren tokira abiatu zen saltoka, eta itsuka zebilenez gero, amildegia ikusi ez eta AAAAAA! bertan behera erori zen, haitzen kontra kolpe handia hartuz.
Erraldoi gaiztoa hantxe gelditu zen hilda eta Peru Armentia, Arabako artzaina, onik irten zen handik, horrela bere bizitza salbaturik.
Eta hau hala bazan sar dadila
kalabazan eta irten dadila
Gasteizko plazan.
Testua: Xabier Kintana
8. Tartarua
Behin batez, bazen errege seme bat, punimendu batez bezala munstro bat gelditua, eta ez zitaken jende bilaka ezkondu arte. Eta egun batez atzematen du neskatxa polit bat. Arras gustatzen zitzaion, bainan neskatxak ez du nahi, arras izitu baitzuen. Eta Tartaro harek nahi zion eman erreztun bat, eta neskatxak etzuen nahi hartu; bainan jaun gazte batekin egortzen dio, eta erreztunak erhian sartu orduko erraten zuen:
—Hi hor eta ni hemen.
Bethi oihuka eta Tartarua bethi segitzen da, eta neskatxak izitzen baitzen, erhia pikatzen du bere erheztunarekin eta botatzen du ur handi baterat, eta han ithotzen da Tartarua.
(Estefanella Hirigaray) Wentworth Webster
http://klasikoak.armiarma.eus
9. TARTARO ETA PETIT PERROQUET
Asko munduan bezala baziren ama seme batzuek. Arras miserableak ziren. Semeak egun batez erran zioen bere amari gan behar zubela iyan zerbeit irabaziko zuen. Badoha gan, gan, gan, gan. Pasatzen ditu herria franko, bañian badoha bethi aintzinat. Arribatzen da herri handi baterat. Han galdetzen du iyan senti duten mutil plaza bat. Gidatzen dute erregen etxerat; han erraten diote baratzezain izanen zela. Bañian erraten diote ez dakiela aintzurraren ibiltzen. Igual dela ikhasiko duela bertzekin. Eta arras gisakua beitzen ikhasi zuen. Eta denetarik maitatua zen. Errege harek bazuen alaba bat eta iten zioen begitarte Petit Perroquet-i zeren arras gisakua zen mundu guziarentzat.
Hiri hartan bazen printze bat eta harek bazuen zerbeit esperantza printzesa haren gañian. Eta hartu zuen karamitxia eta jelosia piska bat Petit Perroquet-entzat. Egun batez badoha printze hura erregerenganat eta erraten dio:
—Ez dakizu zer erran duen Petit Perroquet-ek? Tartaroren zamaria ekharriko duela.
Erregek ekhar arazten du Petit Perroquet eta erraten dio:
—Erran omen duk ekharriko dukala Tartaroaren zaldia.
—Ez dut segurki holakorik erran nik.
—Ba, ba! Erran duk.
—Nahi banauzu eman galdetzen ditudan guziak, entsaiatuko naiz.
Galdetzen dio diru hanitz. Eta partitzen da. Gan, gan, gan eta behar zen erribera handi bat pasatu. Batela zain bat mintzatzen du pasatzeko eta erraten dio behar bada hunaratekuan izanen zuela karga handi bat ekartzeko, bañian ungi pagatuba izanen dela. Eta pasatzen da. Bertze alderat gan eta, oraino egin behar zuen bide hanitz zeren Tartarua mendi zoko batean egoten beitzen. Noizpait arribatzen da. Jotzen du athea. Etortzen zaio emazteki xahar xahar bat. Erraten dio:
—Zuazkit hemendik lehen bai lehen. Nere semeak sentitzen du oren bat urrundik, giristinuaren usaina.
—Hemen jan ala kanpuan jan, igual zait.
Eta badoha kanporat eta gordetzen da iratze meta handi baten azpian. Bazuen istan bat han zela aditzen duenian sistu eta hortz karraska handi batzuek. Iduri zuen idurzuriak hari zirela. Badoha ikharetan. Gure Tartarua badoha etxerat eta erraten dio bere amari iyan bada ez duen han norbeit gordia. Erraten dio ezetz, ezetz eta jan dezan berehala preparatuak dituen gauzak. Ezetz, ezetz. Behar duela lehenbizi jan giristino hura.
Badoha billa, billa, billa zoko guzietan eta badoha iratze meta hartarat. Ari da ken eta ken bazterrerat. Bañian gure Petit Perroquet zola zolan beitzen, Tartarua unatu eta badoha abantzu atzemateko puntian bere etxerat.
Ematen da, jaten eta edaten ausarki. Gure Petit Perroquet atheratzen da bere iratzetarik eta badoha establiarat.
Zaldi harek baitzuen gare handi bat bethetzen du iratzez. Gare hura Donibaneko ezkilla bezin handia zen. Izatzen da zaldi haren gaiñerat eta laster arribatzen da batelazañiarenganat.
Heldu zaio laster eta ahal bezala ematen dute zaldi hura gabarrarat eta pasatzen dire. Ematen dio sari ederra eta denbora berean agertzen da Tartarua bertze aldean oihuka. Emanen ziguela nahi dituen guziak ematen badio bere zaldia. Erraten dio ezetz eta badoha trostean aintzina. Bere erregeren palaziguen ondorat arribatu denian kentzen dio zaldiari iratzia goaretik eta mundu guzia ateratua zen leioetarat eta arritubak dire Petit Perroquet gibelat etortzen ikustia.
Errege loribatubak ez zekien zer erran, bañian lehen bañion geihago maite zuen eta printzesak ere.
Bertze printze hura ez zen kontent eta pentsatzen du oraiño bertze zerbeit. Badoha erregerenganat eta erraten dio:
—Ez dakizu? Petit Perroquet-ek erran du ekharriko duela Tartaruaren diamanta.
Erregek ekhar arazten du Petit Perroquet eta erraten dio:
—Erran omen duk ekharriko dukala Tartaruaren diamanta.
—Ez dut holakorik erran.
—Segurki bai! Bai! Erran duk.
—Ez, bañian ensaiatuko naiz ematen balin banauzu nahi dutana.
Eta galdetzen dio diru hañitz. Eta partitzen da. Badoha gabarratzailearenganat. Pagatzen du ungi eta badoha oraino gan, gan, gan Tartaruaren etxeradiño. Emazteki xahar harek erraten dio duala handik, bañian inutil zen. Gan zen iratze azpirat eta han dago Tartarua ethorri arte.
Lehen bezela ibiltzen du iratze kasik guzia eta ez du atzematen. Uzten du Tartarua ederki afaiterat eta pentsatu duenian loharkatua dela badoha emeki emeki, eta diamanta buhurdi azpian ematen beitzuen, kentzen dio. Eta badoha lasterka, zanguak hausteko, gabarrazañiarenganadiño. Pasatzen du. Ungi pagatzen. Tartarua agertzen denian bertze aldian, iten dio oihu emateko bere diamanta, emanen diozkala nahi dituen guziak.
Ezetz, ezetz, eta badoha aintzina erregeren etxerat. Arribatu denian ez zakiten zer egin Petit Perroqueti. Batek besta eta bertzeak besta, denek maithatzen zuten gero eta gehiago. Printzesak ere. Bañian printze harek ez zakien zer pentsa. Jelosiaz eritzen ari zen.Pentsatzen du oraiño bertze zerbeit eta erraten dio erregeri Petit Perroquet-ek erran duela ekarriko duela Tartarua ere.
Ekar arazten du Petit Perroquet eta erraten dio:
—Erran omen duk ekharriko dukala Tartarua bera.
—Ez, ez! ez dut holakorik erran. Bañian nik erranak egiten badituzu entsaiatuko naiz. Egin behar duzu karrosa bat burdinezkoa, berga erdi bat lodi. Hiru zaldi haren tiratzeko eta dirua franko. Prestatzen direnean partitzen da. Galdetzen du barrika bat ezti, barrika bat luma eta bi adar.
Gabarrarat arribatu denian ez dute erreski han ematen beren karrosa. Bertze alderat pasatu direnian, sartzen du barrika eztian eta gero luman, eta adarrak arrimatzen ditu burugañian eta ematen da postillon. Arribatzen da Tartaruaren etxerat eta preseski etxean zen. Jotzen du athea Petit Perroquetek. Heldu da Tartarua bera. Erraten dio:
—Nor haiz hi?
—Ni ifernuko debrurik zaharrena.
Eta idekitzen du karrosako athea eta erraten dio:
—Sar hadi hor.
Tartarua sartzen da eta Petit Perroquet kontent. Arribatzen dire gabarrarat. Ahal bezala antolatzen dituzte zaldiak, eta karrosa ederki pasatzen du. Eta badoha erregeren palazigurat. Espantituak dire ikhustea han dubela Tartarua. Nahi zuten hil pezekin, bañian bonbak igortzen zituen gibelerat pilotak bezala. Ezin hil zezaketen hala. Harmekin finitu zuten.
Ungi irabazia beitzuen, eman zioten printzesa bere emaztetzat. Ezkondu ziren. Ekhar arazi zuen bere ama korterat eta ungi bizi baziren, ungi hil ziren.
(Pierre Bertrand)
Euskal ipuinak Wentworth Webster 1877
10. TARTARO ETA HIRU ANAI
Asko munduan bezala bizi zen ama bat bere hiru semeekin. Ez ziren aberatsak bañian lanetik bizi ziren. Mutil zaharrenak erraten dio bere amari egun batez abantailla gehiago luketela gaten balitz mutil. Amak ez zuen nahi bañian azkenian uzten du.
Badoha gan, gan, gan. Arribatzen da etxe baterat. Galdetzen du iyan behar duten mutilik. Erraten diote baietz. Iten dituzte kondizioñak: jaunak emanen digoela soldata handia, ehun milla libera. Bañian muthillak egin beharko dituela nausiak manatzen dituen guziak eta ez baditu iten, nausiak bizkarreko larruba ken urtearen buruban eta soldatik gabe egor. Mutillak erraten dio ungi dela, azkarra dela eta ariko dela lanian.
Biharamunetikan ematen dio nausiak lan hañitz. Egiten ditu aiseki. Azkeneko hillabetetan nausiak bortxatzen du gehiago. Egun batez egortzen du landarat hamalau erregu ogien ereiteko egun hartan. Mutilla badoha tristeki idi pare bat hartu eta. Heldu da noizpeit arratsean. Nausiak erraten dio:
—Iñ duk lana?
Erraten dio ezetz.
—Oroitzen haiz kondizionez? Behar haut bizkarreko larrua kendu. Hura duk hire soldata.
Kentzen dio erran bezala eta egortzen deus gabe bere etxerat. Ama hura penatu zen ikhustea arribatzen hain mehe eta eri, deus dirurikan gabe. Kondatzen du zer pasatu den eta bigarren anaiak nahi du partitu berehala, azkar dela hura eta iñen duela harek bañion lan gehiago. Amak ez zuen nahi bañian utzi behar izan zuen. Badoha jaun beraren etxerat. Kondizione beretan sartzen da eta urthea abantzu zuelarik, egortzen du hura ere hamalau erregu ogien eraiterat.
Partitzen da goizean goiz bi idi parekin, bañian ilhuna ethorri zen harek dena erain gabe. Nausia loriatu zen hori ikhustearekin. Kentzen dio hari ere bizkarreko larruba eta egortzen du etxerat deus dirurik eman gabe. Pentsa azue ama haren xangrina bi haurrak ethortzea planta hartan.
Hirugarrenak nahi du partitu. Berehala segurtatzen du ama harek ekharriko duela dirua eta bere bizkarreko larruba. Badoha jaun haren etxerat. Erraten dio hari ere soldata handi ematen duela, bañian harek erran guziak itekotan, bertzenaz bizkarreko larruba ken eta deus gabe egor urthearen buruban. Ungi ari arazi zuen lañian hamar hilabetez bañian orduan nahi zuen frogatu. Egortzen du landarat eta erraten dio behar duela hamalau erregu ogi erain arratseko. Erraten dio baietz. Artzen ditu bi idi pare. Badoha landarat. Egiten du ildo bat eta han botatzen ditu hamalau erregubak. Landaren inguruban egiten du bertze hildo bat hekien estaltzeko eta badoha ilhuneko etxerat. Nausia arrituba da. Galdetzen dio iyan erain duen. Erraten dio baietz. Dena lurrean dela. Posible duela segurtatzea. Nausia ez zen kontent. Beldurtu zen.
Biharamunian egortzen du hamasei hazienda buruekin holako landetarat eta erraten dio sar arazteko hazienda hekiek geretarik eta athekarik ideki gabe. Gure mutillak hartzen du aizkora bat, bordiñ sahardi bat, aintzur bat eta badoha. Arribatu denian landa hartarat, hiltzen ditu denak bapanazka aizkorarekin, puskatzen eta burdin sahardiarekin landarat botatzen. Heldu da arratsean etxerat. Nausiari erraten dio, han zirela hazienda guziak landan, harek erran bezala. Ez zen nausia kontent bañian ez zezakeen deus erran. Biharamunian erraten dio gateko holako oianetarat eta ekhartzeko handik orga bat egur, bañian denak zuzen zuzenak. Badoha gure mutilla eta pikatzen du xara bat gaztain ondo, nausiak berak landa arazi zuena eta ungi ederra zena eta heldu da etxerat. Nausia, hori ikhusi eta, ez zezaken deus erran. Bañian ez zen kontent. Erraten dio biharamunian gan behar duela berritz ere idiekin eta ekharri orga bat egur, bañian denak makurrak, zuzenik ekhartzen balin bazuen, hanbat gaistoago arentzat.
Badoha mutikoa eta atheratzen du mahasti eder bat. Orga kargatu eta heldu da etxerat, nausiak hori ikhusi eta ez zezakeen deusik erran. Ez zakien zer pentsa. Egortzen du oian baterat. Han bazen tartaro bat. Harat gaten ziren jende eta alimale guziak jaten zituena. Ematen diozka nausiak hamar xerri eta ematen dio hamar egunentzat jatekoa erraten digoelarik han aseko direla xerriak, ezkurrez hañitz beitzen, eta ethortzeko hamar egunen buruban.
Abiatzen da gure mutilla. Badoha gan, gan, gan. Errekontratzen du emazteki xahar bat. Erraten dio:
—Norat zoazi, mutil?
—Holako oihanetarat, xerri haukien asetzerat.
Erraten dio emaztekiak:
—Zuhur baduzu ez zeitela gan. Janen zeitu Tartaro izigarri harek.
Emazteki harek bazuen saski bat eltzaur buru gañean eta erraten dio:
—Ematen balin banauzkizu bi eltzaur garraituko dut Tartaroa.
Ematen diozka gogotik eta badoha aintzina gan, gan, gan eta atzematen du bertze emazteki xahar bat hari harilkatzen ari zena. Erraten dio:
—Norat zoazi mutil?
—Holako oihanetarat.
—Ez zaitela gan. Bada han tartaro bat izigarria. Janen zaitu segurki eta zure xerriak ere.
—Gan behar dut. Igual da eta garraituko dut ematen balin banazkizu zure bi harilko oikiek.
Ematen diozka gogotik. Badoha aintzina eta atzematen du arotz bat. Harek ere galdetzen dio norat duan. Erraten dio:
—Holako oihanetarat, xerri haukien gizen arazterat.
—Bazuazi gibelerat. Bada han tartaro bat segurki janen beitzeitu.
—Ematen balin banazu gerren bat, garai nezake.
—Emanen zeitut gogotik.
Badoha gure mutilla eta arribatzen da oihan hartarat. Pikatzen diozkate xerrieri buztanak. Gordetzen ditu segurrian eta agertzen zaio Tartarua. Erraten dio nola ethorri den harat, jan behar duela. Erraten dio mutillak:
—Jan zak xerri bat, bañian ez nezakala uki.
Hartzen ditu bi eltzaur eta karraskatzen ditu bat bertzearen kontra eta erraten dio:
—Baditiat hemen bi bala. Haukietarikan batek ukitzen bahau, hilla haiz.
Tartarua izitu eta badago ixil ixilla. Xerri bat jan eta heldu zaio orañion eta erraten dio:
—Egiñ behar diagu parigo bat. Zeniek egiten dugun egur zamarik handiena.
Tartarua hasten da pika eta pika. Uzten du gure mutillak. Egin duenian izigarri bat, hasten da bere harilkoarekin arbolen inguratzen eta erraten dio:
—Hik hokiek eta nik hauk guziak.
Eta badoha arrimatuz. Tartaruak uzten du oranion bera baiñon abilagoa zela orainon. Bere hamar egunak beitzituen, egiten du gabaz su handi bat, gerrena han gorritzen du eta Tartarua lo zagoelarik sartzen dio gerren hura bere begi bakarretik. Xerri buztanak hartu eta badoha oihan hartarik xerririkan gabe, zeren Tartaruak eguñian bat jan beitzigoen.
Bere nausiaren etxearen ingurutan bazen andre-basa bat. Gure mutillak botatzen ditu ahal bezela xerrien buztanak basa artarat, bat ez salbo, eta badoha lasterka nausiarenganat erraten digoelarik xerriak bozkariotan heldu zirela etxe alde.
—Hala berotuak ziren lasterka ethorriz, non basan sartu beitzeizkit guziak. Bat nahi izan dut tiraka athera arazi, bañian buztana bertzerik ez zeit ethorri. Huna non dutan.
Badoha nausiarekin andre-basa hartarat, bañian ez zen nausi hura ere menturatu han sartzia hekiek handik atheratzeko. Tristeki gan zen mutillarekin bere etxerat ez jakiñez geihago zer pentsa. Hantxet kondatu ziozkan bere ehun milla liberak eta gan zen fierrik bere etxerat, bere ama eta anaienganat. Han bizi izan zen urus eta gizona gelditu zen ehun milla libera gutiagorekin. Baliatu zitzaioen beitzuen hañitz.
Euskal ipuinak Wentworth Webster 1877
11. TARTARO ETA MUTILA
Nausia ez bazen kontent mutillaz eta egortzen bazuen, huntasun guziak mutillarentzat. Nausiak egortzen du zazpi xerrirekin oihanerat, deus jatekorikan gabe. Mutillak erraten:
—Zer jan behar dut? Arrixkak?
Nausiak erraten dio:
—Nahi duzuna.
Eta badoha. Bazuten emana ximinei ganean telletetan gaitzeru bat heltzaur idortzen. Gure mutillak hartzen ditu hekiek eta erematen berekin. Oihanerat arribatu denian Tartaro heldu zaio eta erraten dio:
—Non habilla eta zer ari haiz? Xerri gardan egoki?
Heltzaur bat hartzen du eta agorat eman eta austen du eta erraten dio:
—Giristino ezur jaten.
Tartaruak erraten dio:
—Ez duk hemen leihorrik eta tana nere etxerat. Han afalduko haiz eta izanen duk ogia.
Erraten dio mutillak baietz. Gan direnian Tartaruak ematen du idi azpi bat suan. Erraten dio gure mutikoak:
—Zer apetitua dukan! Eta nik gutiago janez hik bezinbat indar.
—Gero ikhusiko diagu hori.
—Gure mutillak jan ahala jan eta uzten du Tartarua akabatzen eta erraten dio ogerat duala.
[Mutikoa ogerat dualarik Tartaro zutik dago eta mutikoa ogeperat dua. Hiru gorputz hatzematen ditu. Bat ogean ematen du pipa agoan —zazpi kintaleko palenka—.
Tartarok hila jo zuenean oihu egin zuen, hiltzeradino joa izan balitz bezala.
Biharamunian Tartaroa ikusten du. Hila zela uste zuen.
—Haskaria prest dago? Gau hontan zimitzek xixtatu naute azkarki.
—Bilatu behar dituk, bestenaz tanpi hiretzat.
Lehen lana: haritzak errotik ateratzea.]
Bigarren lana: Ithurria. Ithurrirat erematen du, zeinek ekharriko zuen ur gehiena etxerat. Tartaruak betetzen ditu bi barrika bañian erraten dio mutillak:
—Hoikiek bakharrik! Nik ur guzia eremanen dut.
Eta asten da igitzen ithurria. Tartaruak erraten dio:
—Ez, ez, ez. Uzten haut. Goazen. Norat gan nintake edaterat ur hori kentzen balin baduzu.
Egortzen dute iratze peza baten pikatzerat eta erraten diote ez badu hura guzia pikatzen, kukubak jokatu gabe hilla izanen dela. Badoha gure mutilla eta argitu gabe pipa pizten ari zen noiz eta kukuak iten beitu kuku. Gure mutilak koleran, artzen du bere sispa eta tiratzen du arbola baten ganerat, zentarikan egin beitzioten kuku eta kukua erortzeko plazan, erortzen zaio bere etxekoanderia. Senharrak koleran egortzen du debruarenganat letra batekin. Errepustarik ez zuen eman nahi debruak. Orduan zer iten du? Artzen du debrua bizkarrian eta hala heldu zen etxerat. Nausiak urrundikan ikhusi eta erraten dio:
—Utzak hor! Utzak hor. Ez dadiela ethor gure etxerat.
Egortzen du berritz mutilla bertze debru batenganat ekhar detzan harenganik haren hiru erreztunak. Badoha mutilla. Bidean atzematen du gizon bat, errota arri bat bizkarrian. Erraten dio norat duan. Erraten dio holako debruen etxerat.
—Erran behar diok nire partez hemen nagoela hamabi urte huntan arria bizkarrian.
Baietz. Iten du bide puska bat eta atzematen du neskatxa gazte bat eri hamalau urte hartan. Galdetzen dio norat duan eta erraten dio harek ere, hamalaur urte hartan hala dela eta errateko debruari. Erraten dio baietz.
Bide in duenian berritz ere atzematen du gizon xahar bat bi haritz zangoetan eta jakin duenian norat duan erraten dio harek ere, hainbertze denbora hartan debruen begira zagoela haritz hekietaz gabetua izateko. Erraten dio erranen dioela.
Arribatzen da debruaren etxerat. Atzematen du emazteki xahar bat. Erraten dio zertarat duan eta nola bidean ikhusi dituen hiru presuna, bat errota harriekin, bertze bat eri eta bertze bat bi haritz zangotan eta nola erran dioten errateko debruari hekietaz oroitzeko.
Emazteki harek erraten dio:
—Jaten ditu nere debruak giristino guziak. Nola heldu zare hunarat?
—Egorri beinaute. Bainan zuk lagunduko nazu.
Erraten dio baietz eta ematen du zoko batean. Heldu da debrua eta ogerat gaten direnian, loharkatu denian debrua, emazteak kentzen dio erreztun bat eta debrua iratzartzen da eta erraten dio:
—Zer ari zare, emazteki tristea.
Erraten dio:
—Amets bat egin dut gizon bat ikhusi dutala errota arri bat bizkarrean. Zer egin behar luke ez izateko geihago?
—Botatu lehenbiziko ikhusiko duen gizon hari eta harek hartu behar luke.
Loharkatzen da debrua. Emazteak kentzen dio bigarren erreztuna. Debrua koleratzen da. Emazteak erraten dio amets bat egin duela. Neskatxa gaxo bat hainbertze urte hartan eri. Erraten dio debruak:
—Sukaldeko ximiniako harriaren azpian bada zapo izigarri bat eta hura funditu arte eri izanen da.
Berritz ere lokartzen da eta emaztekiak kentzen dio hirugarren erreztuna. Debruba orainion asarreago da. Emazteak erraten dio amets in duela, ikhusi gizon bat bi haritz zangotan ezin kurrituz. Debruak erraten dio:
—Haritz hekietarikan batetan bada suge bat eta hura hill arte hala ibilliko da.
Emaztekiak erraten diozka guziak mutikoari eta ematen hiru erreztunak. Gure mutillak salbatzen ditu hiru malurus heiek erranez zer egin behar duten. Heldu da nausiaren etxerat eta ematen diozka bapanazka erreztunak. Lehena eman zigoenian asi zen dantzan. Bigarrena eman zigoenian airatzen piska bat eta hirugarrena eman zigoenian airatu zen hain gora, ez baitzen gibelerat ethorri.
Gure mutikoa gan zen bere amaren billa eta beitzuen emazte gai bat, ezkondu zen. Izan zituzten seme alaba batzuek eta bizi izan ziren arras urus bere erreztuneri esker.
Euskal ipuinak Wentworth Webster 1877
12. Alarabia, erraldoi eta giza-jalea
Sekendixoko mendian, Markinako lurraldian bizi zen gizon bat, gizon-jalea, Alarabi esaten zaiona. Hanka bakarra eta begi-bakarra zen, euria zenean, bere oinarekin estaltzen zen. Artzaina eta artalde handien jabe zen. Harpe batean bizi zen eta koban atzetzat harri handi bat zeukan. Inguruetan bildura zen Alarabi gisonjale zelako. Behin, gizon atzerritar batek Sekendixoko menditik zihoala aurkitu zuen Alarabi ardí zainean. Atzerritarrak, gizon hain haundi eta itxuragabekoa ikusirik, bildurtua geratu zen. Alarabiak ikusi baitzuen gizona bazihoala, "ona" bat esan zuen bere ondora joateko. Ikaratuta heldu zen gizona Alarabiarengana. Honek agindu zion ardiak batzen eta etxera eramaten laguntzeko, gero elkarrekin afalduko zutela eta. Halaxe egin zuen. Sartu zituzten arrdiak harpean, itxi zuen Alarabiak atea harri handiarekin eta hasi zen afaria prestatzen. Ene! Atzerritarraren ikara, ikusi baitzuen Alarabiak gizon-hanka burruntzian sartuta sugainean ipini zuela erretzen!
Orduan esan zuen beretzat; "honek giza-haragia jaten du, eta ziur neu ere hilko nau". Alarabiak ostera begiratzen hanka-erretari, eta behin erre zuenean, atera zuen mahaiara eta burrduntzia kenduta jaten hasi zen. Atzerritarra zain zuen; eta Alarabia albora begira zuen batean, hartu zuen burruntzia eta tximistan sartu zion begi bakarretik eta bizkor sartu zen artaldean. Han zebilen Alarabia itxututa minez eta amorruz garrasi baten, jo batera eta jo bestera atzerritarra harrapatu nahian, baina ezin zuen. "Arraioa "harrapatuko haut ba" esanda Alarabiak, zabaldu zuen atea. Ardiak hasi zen banan banan, oi ben les, irteten eta Alarabiak atean jarrita arrtsesittun bananbanan eta jaurti zituen kampora.
Atzerritarrak alarabiaren asmo okerra jakinda, ardi narruz janztea pentsatu zuen; eta harpean esekita hainbat ardi narru zeudenez, laster ardi narruz estali zen. Gero sartu zen ardien erreskadan eta lau oinean heldu zen ateraino.
Alarabiak txarrik susmatu gabe hartu zuen gizona eta ardia zelakoan jaurti zuen kanpora. Horra bota eta bertatik konturatu zen ardiak baino astunagoa zela eta esan zuen; "oraintxe galdu nauk, horixe huan neure azeria". Desesperatuta sartu zen harpean. Atzerritarrak hartu zituen ardi guztiak eta Alarabi gosez harpean hil zen.