MATEO TXISTU
Tolosa aldean gertatu zen ziur aski. Aspaldi, apaiz bat bizi omen zen parrokia bat bere kontu zuela. Eguna joan eguna etorri, ez zuen zeregin handirik izaten bere elizan; hortaz, nahiko astia izaten zuen gogoko zaletasunerako: ehizarako, alegia.
Auzotar eta parrokiarrek "Mateo Txistu" deitzen zioten. Haren txakurrak harrapakin baten bila atera zitezen egiten zien txistuak zirela eta. Herritarrek irribarre eta txutxu-mutxu artean aipatzen zuten apaizaren zaletasun hori.
Halako egun batean, giza-arimaren ahuleziaren bila ibiltzen den deabrua azaldu zitzaion Mateo Txisturi, zaldun adeitsu baten itxuran azaldu ere. Baina apaiza, berehala jabetu zen hain gizon dotorearen benetako nortasunaz.
-Zer nahi duzu, gaizkile? -Galdetu zion bat-batean, eta deabruak harriturik erantzun:
-Nik?, ezer ez!
-Orduan, zergatik zaude hemen?
Apaizak txistu egin zien txakurrei, eskopeta hartu eta basoan barrena deabruaren begi bistatik desagertu zen. Deabrua barregarri geratu izanaren ustean, mendekua nola hartu pentsatzen eman zituen egun batzuk, eta azkenean aurkitu zuen mendekurako era egokia.
Igande batean, Mateo Txistu meza erdian zegoenean, erbi zuri batek muturra sartu zuen sakristiako atetik. Apaizaren zakurrak sakristian zeuden, eta erbia ikusi zuten bezain laster belarriak altxa eta zaunka bizian hasi ziren. Apaizak meza eten, eta begirada bat bota zuen sakristiarantz, iskanbilaren arrazoia jakin nahian. Ezusteko galanta hartu zuen, atean erbia ikusi zuenean, tente, bere bila joateko deika ari bailitzan.
Apaizak ez zuen luzaroan pentsatu. Meza bertan behera utzi, eliztarrak txundituta ahozabalik, eskopeta eta txakurrak hartu, eta erbiaren atzetik abiatu zen.
Geroztik ez zen haren berririk izan. Ez zen inoiz itzuli. Hala ere, harez gero ugari dira bere txakurrei txistuka. sumatu dutenak, besteek zaunka tristeak entzun izan dituzte eta zenbait gau garbitan apaiza, txakurrak eta erbiaren irudiak antzeman daitezke ilargiaren argitara, beren amaierarik gabeko joan-etorrian.