MARI
1. MARI ETA BIZKAIKO JAUNA (Tes, Audioa)
2. TXINDOKIKO MARI (Tes, Aud)
3. TXINDOKIKO MARI: IRADI BASERRIKO ALABA (Tes)
4. MARIMUNDUKO (Tes)
5. MARI URRIKA ETA ARTZAINA (Tes)
6. MARI AHARI LAPUR (Tes)
7. SUPELEGORKO MARI (Tes)
8. MURUMENDIKO DAMEA (Tes)
9. ARALARKO DAMA (Tes)
1. Mari eta Bizkaiko jaun
Don Diego Lopez Harokoa Bizkaiko Jauna zen XIV. mendean. Ehiztari porrokatua zen eta ahal zuen guztietan ateratzen zen basurde edo beste piztiaren baten bila. Izan ere, garai hartan, horrelako animaliez beteak baitzeuden gure mendiak.
Egun batean, pieza on baten atzetik zebilela, emakume bat ikusi zuen haitz baten gainean kantari. Guztiz ahots zoragarria zuen eta Don Diegori haren jabea ezagutzeko gogo bizia egin zitzaion; hala, harengana hurbildu zen.
Bere bizi guztian ez zuen horren emakume ederrik ezagutu. Garaia eta dotorea zen, larruazal zuri leunekoa. Haren begi beltz sakonek kontrastasun bizia egiten zuten ia lurreraino iristen zitzaion ile urre kolorekoarekin. Urrez bordatutako soineko berde bat zeraman eta kopetan zinta bat, urrezkoa hura ere. Hainbesterainoko distira zuen emakume hark, non itsu-itsuan maitemindu baitzen Don Diego.
-Nor zara? -galdetu zion.
-Anbotoko Dama -erantzun zion hark.
-Zu Anbotoko Dama zarenez eta ni Bizkaiko Jauna, nahi al duzu nirekin ezkondu?
Damak onartu zuen, baina gauza bat aginduarazi zion: bere aurrean ez zuela inoiz aitarenik egingo. Mari eta Bizkaiko Jauna ezkondu ziren eta semea eta alaba izan zituzten; Alabari urraka deitu zioten eta semeari Iñigo Gerra jarri zioten izena.
Urteak aurrera zihoazen eta denak zoriontsu bizi ziren Diego Lopez Harokoaren gazteluan. Egun batean, Don Diegok basurde handi bat ekarri zuen ehizatik bueltakoan; sukaldariek berehala maneiatu zuten afarirako. Familia osoa mahaian zegoela etxeko bi zakur sartu ziren jangelan eta zaunka hasi janari eske. Bat, zakur alano handi bat zen, oso oldarkorra, eta bestea, urtxakurra, askoz txikiagoa. Don Diegok, barrez, basurde hanka bat bota zien. Bi zakurrek gogor ekin zioten hankari, zeinek zeini kenduko, eta, denen harridurarako, txakur txikiak handia hil egin zuen eta basurde hanka herrestan hartuta alde egin zuen. Don Diegok, ezin izan zuen erremediatu, eta aitaren egin zuen, esanez:
-Jaungoiko nirea! Nire bizian ez dut horrelakorik ikusi!
Une hartantxe bertan, Marik bere alabari eskutik heldu eta biek hegan alde egin zuten leiho batetik. Geroztik ez zen haien berririk izan.
Urteak joan ziren eta, gaztelarren aurkako gerra batean preso hartu zuten Don Diego eta Toledoko gotorleku batera eraman zuten. Iñigo Gerra aholku eske ibili zen bere ahaideen artean, aita askatzeko zer egin; inork ez zekien, ordea, nola askatu aita, harik eta behin agure zahar bizarzuri batek honela esan zion arte:
-Iñigo, laguntza behar baduk hoa heure amarengana, hark esango dik zer egin.
Iñigo, bada, Anbotora joan zen, eta, haratu zenean, haitz baten gainean ikusi zuen Mari.
-Iñigo Gerra, seme -esan zion-, hator niregana, bazekiat zertara hatorren eta; aita espetxetik ñola askatu galdetzera hator.
Marik oihu bat egin zuen, eta zaldi zuri eder ongi zelatu bat azaldu zen.
-Pardal dik izena -esan zion- To hiretzat. Guduak irabazten lagunduko dik, baina zela ez diok inoiz kendu behar, ezta jan-edanik eman ere. Gaur bertan Toledora eramango hau eta biak ekarriko zaituzte etxera.
Eta hala, Iñigo zaldi gainera igo eta, konturatu zenerako, aita preso zeukaten gazteluko patioan zegoen. Bilatu zuen, eskutik heldu zion eta zaldia zegoen tokira eraman zuen, eta biak itzuli ziren Bizkaira; inork ezin izan zien ezer egin, biak ikusezin bilakatuak baitziren, bitartean.
Orduz geroztik, Bizkaiko Jaunaren etxean hiltzen zituzten behi guztien barrukiak haitz baten gainean uzten zituzten Marirentzat opari. Eta, esaten zutenez, hala egin behar omen zen, bestela gaitz izugarriren bat etorriko omen zen eta, Jaunaren edota etxearen gain. Eta halaxe geratu zen, gertatu ere. Don Diegoren birbiloba batek ez zuen gehiago oparirik egin, eta begi bat galdu zuen ohitura hura ez betetzeagatik.
EUSKAL HERRIKO LEIENDAK. Toti martinez de Lezea
2. Txindokiko Mari
Amezketan kontatzen zutenez, ba omen ziren zazpi urte Mari Txindokiko bere haitzulotik desagertu zela. Baina zaldi bat zeruan hegan ikusi zutenean eta izugarrizko euri jasa hasi zuenean, herritarrak berehala konturatu ziren Mari bueltatu zela. Marizulo kobazuloa zuen bizileku, eta urrez estalia zuen. Dena urrezkoa omen zen barruan, altzariak ere bai. Behin batean, asteak euritan egon ondoren, atertu eta lainoak urruntzen ari zirenean, Txindokiri laino-txapela gelditu zitzaion tontorrean. Orduan ohartu ziren Marik labea piztu zuela.
Goiz batean, Kattalin izeneko neska gazte amezketar bat joan zen mendira artaldearekin, eta, egun guztian ardiak larrean eduki ondoren, artaldea biltzen hasi zen. Kontatu zituenean, bat falta zitzaiola konturatu zen. Artaldearen jabeak egingo zionaren beldur, mendian gora abiatu zen falta zitzaion ardiaren bila. Batek baino gehiagok esana zion Mari Txindokin zenean ez gerturatzeko inguru haietara, baina ardi galdua topatu beharra zeukan. Aurrerago joan zenean, hara non, ardia haitzulo baten sarreran aurkitu zuen, eta bere ondoan andre eder eta galai bat ikusi zuen, sekula ikusi ez zuen bezalako dama. Mari zen. Marik nor zen eta zein familiatakoa zen galdetu zion neskatxari. Honek, Kattalin zela bere izena esan zion, eta ez zuela familiarik, ardi haiek herriko jaun batenak zirela. Orduan, Marik berarekin bizitzen gelditzeko proposamena egin zion, eta zazpi urte berari laguntzen egoten bazen aberatsa egingo zuela agindu zion.
Horrela, bada, Kattalin Marizuloko damari laguntzen gelditu zen, eta zazpi urte haietan asko ikasi zuen neskatxak: haria egiten, ogia egiten, landareen ezaugarri magikoak ezagutzen, abereen hizkera ulertzen, eta beste hainbat zereginetan. Baina, di-da batean pasa ziren urteak, eta, garaia iritsi zenean, honela esan zion Marik:
—Kattalin, ondo bete duzu zure hitza, zintzo lagundu didazu, eta esanekoa izan zara. Nik joan egin behar dut, eta aberatsa egingo zintudala agindu nizunez, tori!
Marik ikatz puska handi bat eman zion. Harrituta gelditu zen neska gaztea, baina ez zen ausartu ezer esaten. Haitzulotik atera zenean, urre distiratsu bihurtu zen ikatza. Neska pozaren pozez jaitsi zen herrira; etxea eta artaldea erosi zituen, eta inoren aginduetara egon beharrik gabe bizi izan zen zoriontsu gure Kattalin.
3. Txindokiko Mari: Iradi baserriko alaba
Txindokiko Mari, Amezketako Iradi baserriko alaba zen. Egun batean, behi gorri bat falta zitzaiela baserrian eta, amak bere bila joateko agindu zion. Berandu zen eta iluntzen ari zuen, horregatik, Marik ez zela joango esan zion.
Amak, aserre, madarikazioa bota zion:
- Ez badun ekartzen, deabruak eramango al hau!
Orduan, Mari behairen bila joan zen. Larrean gora zihoala, deabrua agertu zitzaion behi gorri baten itxuraz. Neska gazteak bere behia zela pentsatu zuen eta isatsetik heldu zion. Heldu bazion, heldu zion. Behiak, ziztu batean, Marizuloraino arrastaka eraman zuen. Marizulo Txindoki azpian dagoen kobazuloa da.
Marizulon sartu ahala, hau esan zuen Marik:
-lrabi lrabi den bitartean txango edo mangorik ezta faltako.
Esan eta gerta, ordutik Irabi baserrian ez da falta izan erren edo esku elbarririk.
Irabi etxekoek neska non zegoen jakin zutenean, Marizulo aurrean agertu ziren apaizarekin. Meza ospatuz Mari libratu nahi zuten, baina, atrila ahaztu zitzaien eta ezin izan zuten aurrera eraman meza. Guztiek ikusi zuten neska gaztea kobazuloaren barnean, zakur gorri bat ondoan zuela. Zakur gorria deabrua zen.
Honela esan zien marik:
-Joan zaitezte hemendik! Zakurra esnatzen bada zuenak egin du!
Erretiratu ziren guztiak lasterka batean, eta Marizulon gelditu zen Mari betiko.
Askotan ikusi izan dute kobazuloaren aurrean artilea haritzen. Txindokitik Murura joaten su argitsu baten formarekin zerutik, baita Murutik Txindokira bueltan ere.
Txindokin dagoenean ez du egiten kazkabarrik Amezketan eta inguruetako herrietan, baina Murun dagoenean bat.
Ipìntzako Jose Frantziskok kontatua Abaltzisketan 1923an
4. Marimunduko
Sarastarri inguruan lanean ari zen ikazkin talde batek koba barrenean den putzu horretatik ateratzen zuen behar zuen ura. Egun batez, ikazkin gazte bat ur bila joan zen kobara bere pitxarra hartuta, baina ikaratuta eta urik gabe itzuli zen txabolara.
Orduan, ikazkinetako buru zen bat joan zen hara, baina hura ere ikaratuta eta txarroa urik gabe zuela itzuli zen. Biek gauza bera esaten zuten: kobaren sarreran emakume gazte eder bat, gorputz lirainekoa, ikusi zutela, ileak orrazten; Ama Lurra bera, Agaramundatik etorrita Marimunduko zela, eta halako leku batean era horretako ikuskizun bat ezin zitekeela parte onekoa izan pentsatuz, ihes egin zutela.
5. Mari Urrika eta artzaina
Behin, «Aldrabasketa»ko artzain zaharrari, Anbotoko Mari Urrikak ikatz biztua eskaini zion. Baina, artzain zahar hark eskaini zion oparia inola ere ez zuen hartu nahi izan.
Orduan, Mari Urrikak, oparia ez hartzearen zergatia jakin nahian, artzain zaharrari hauxe galdetu zion:
— Zergatik ez duzu hartu nahi ikatz polit hau?
— Hamaikatxo horrelako badago gure supazterrean... Ez, opari hori ez daramat inora!
— Oker zaude, artzain: honelakorik ez dago zure etxean. Hartu eta eraman ezazu, ba, eta zeure etxean ikusiko duzu ondo, hau den gauza ederra. Ikatz berezia da... Tira, eraman ezazu.
Esanen-esanez eta ekinen-ekinez, halako batean, artzain zaharrak hartu zuen ikatza. Eta gure gizona, ikatza eskuratzeaz batera, mendian zehar eta basoan behera etxerantz abiatu zen. Etxeratu zenean, bere emazteari arnas-hoska esan zion:
— Hona hemen Mari Urrika-k eginiko oparia ...
— Hori oparia! A lelotzarra! —esan zion irriz emazteak—. Ikatza da eta! Sukalde supazterrean hamaika holako badago...
— Gauza berezi bat dela esan dit eta, hartzeko eta hartzeko esanez, nahi eta nahi ez hartu arazi dit.
— Mari Urrikaren maltzurkeriak... —erantzun zion emazteak.
— Maltzurkeria edo zera... ez dakit nik zer izan daiteken ere —esan zuen arduraz gizonak—. Ea, ba, eutsi ikatz hau, eta zelakoa dan zeure eskuz eta begiz ikusi.
Eta besterik gabe, ikatz aparta hura, gizonaren esku gogorretatik emakumearen esku bigunetara igaro zen. Eta, zer izan zen orduan! Ikatz zatia emakumearen eskuetara eldu zenean, urrezko txanponak parrastaka jauzi ziren sukaldearen erdi-erdira. Halako dirutzarik!
Hura ikustean, emaztea, pozaren-pozez zoro bat eginda, «hau zoriona, hau zoriona!» esanez deiadarka eta zarataka hasi zen.
— Ikatz miragarri hau dela eta, zoriontsu gara, gizon! —pozarren—. Dena dirua eta dena urrea! Holako aberastasunik eta holako zorionik! Horain, baina, ene gizon, gure zoriona handiagotzeko, bihar goizean Anbotora joanda, Mari Urrikari honelako beste ikatz zati bat eskatu behar diozu... Orduantxe bai izango garela benetako aberats eta zoriontsu...!
—¿Nahikoa zoriontsu ez gara, ba? —erantzun zion gizonak—. Lehenari begiratu ezkero, aberastasun asko daukagu bai, arranotan! Zertarako diru gehiago?
—Ez, ez eta ez... Ez dugu nahikoa... —esan zuen andreak negarrez—. Oraindik askozaz aberatsagoak izan gaitezke eta... Zoaz bihar Anbotora; zoaz andrearen esana egite arren, eta Mari Urrikari ikatz bat eskatu iezaiozu. Eta berak ezer galdetzen badizu, emaztearen esana egitearren joan zarela esango diozu...
Gehiago gabe, Aldrabasketa-ko artzaina, emaztearen esana egite arren, biharamun goizean Anbotora joan zen; eta bertako tontorrean Mari Urrikari beste ikatz bat eskatu zion.
Anbotoko andereari, artzainaren eskabideak barre eragin zion; eta irri-barreka eta txantxetan, artzain zaharrari hauxe esan zion:
— Zer, artzain? Lehengo eguneko ikatza nekez hartu... eta orain zeu zatoz beste baten eske? Zer dela eta?
— Entzun, ba, Mari: atzoko ikatza atsegin ere atsegin izan dudala eta, emazteak lehengoa bezalako beste baten bila bidali nau... Beraz, andrearen esana egite arren etorri naiz.
— Eta andrearen esana egiteko etorri zara? A, gizon oiloa! —esan zion Mari Urrikak begirakune zorrotzez—. Andrearen esanak egiten badiharduzu, ez diharduzu txarto ere, zeure andrearen handinahikeriak galduko zaitu eta.
Mari Urrikak artzain zaharrari ikatz handi bat eskuratu zion; eta artzaina, bestea bezalako ikatza izango zelakoan, mendian-behera joan zen.
Bitartean, Mari Urrikak ahots itzalez hauxe abestu zuen:
Andrea etxean agintari,
gizona etorri mandatari;
izarrak goian ager orduko,
damutuko yako berari.
Aldrabasketako artzainak, ikatz zati eder hura ere, aurreragokoa lez, emaztearen eskuan ipini zuen, urre-diruak parrastaka irtengo zirelakotan.
Baina orduan gertatu zen gertatu zena! Ikatza ukitzeaz batera, emakumearen eskuak zapoz eta sugez bete-bete egin ziren: ikatzaren barrutik irteniko zapo-suge iguingarriak ziren. Aldrabasketa basetxeko bazterrak ere, pizti beldurgarriz bete ziren.
Halako zoritxarra ikusita, senar-emazte gaixoak negar baten hasi ziren; eta beldur-ikaraz egin zituen hurrengo egunak ere.
Azkenez, herriko abadeari dei egitea erabaki zuen. Eta abadeak, etxeko bazterrak ur bedeinkatuaz bustita gero, pizti guztiak bidali zituen.
6. Mari ahari lapur
Behin batean Aralar mendilerroko artzain bati aharia harrapatu omen zion Anbotoko Andreak. Artzainak galdetu omen zion Andre sorginari ea non zen aharia.
-“Nire sukaldean”, erantzun omen zion Anbotoko sorginak.
-“Emango al zenidake, arren?”
-“Bai, baldin bahator.
Artzainak fraide batekin hitz egin zuen aholkua eskatuz, eta horrek esan omen zion Anbotoko Andrearen leizera aurreraka sartu eta atzeraka irteteko. Hala joan omen zen, eta ahari hori buruko omen zeukan sorginak. Adarretatik heldu eta atera omen zuen atzeraka aharia. Orduan Andreak esan zion:
-“Eskerrak eman iezaizkiok hi etorri bezala atera izanari, bestela hemen gelditu beharko huen”.
7. Supelegorko Mari
Mari euskal mitologiaren pertsonaia nagusia da, Lurraren jainko Ama. Gorbeia aldean Supelegorko haitzuloan bizi zen eta berak sortzen zituen ekaitzak. Artzainak beldurrez bizi ziren eta Zeanuriko apaizari Supelegortik Mari bidaltzeko eskatu zioten.
Horrela ba, San Juan egunean, artzaldeak bedeinkatzen ziren egunean, jon zen apaiz hau Mari handik uxatzeko asmoarekin. Haitzulo sarrerara joan zen, atzetik artzainak zituela, eta bere errezo eta konjuruei ekin zien. Halako batean, hasi zen haitzuloaren sakonetik haize beroa ateratzen zurrunbilo moduan. Gero eta beroagoa zen haizea eta une batean apaizaren sotana sutan jarri zen.
Hura ikusita artzainak eta apaiza korrika batean atera ziren izututa. Ordunadik Gorbeialdeko basoetan omen dabil apaiza korrika batean sotana sutan duela.
8. Murumendiko Damea
Murumendiko Damea edo Mari Murumendin bizi zen. Goi larre horietara ardiak bazkatzera eramaten zituen Beasaingo artzain batek ezagutu zuen Damea eta ezagutu bezain laister guztiz maiteminduta gelditu zen; hain zen emakume ederra. Handik gutxira ezkondu eta elkarrekin bizitzen jarri ziren inguruko baserri batean.
Artzaina elizkoia zen eta igandero joaten zen mezatara. Baina, Mari, beti gaixo zegoelako aitzakiarekin behin ere ez zen joaten. Ez zen oso elizkoia ez eta haren inguruko gaien zalea ere. Mari mezatara ez agertzea eta beraien zazpi seme-alabak ez bataiatzea bikotearen zoriontasunaren urratzaile bihurtu ziren. Artzainak, herriko jendearen marmar eta gaizki esanak maiz entzun behar izaten zituen.
Bere azken haurra izan ondoren, senarrak jada gehiago elizara ez joatea ez ziola gehiago onartuko berretsi zion. Honela bada, gurdiari idi parea erantsi, Mari eta zazpi seme-alabak gurdira igoarazi eta elizara abiatu zen, guztiak bataiatzeko asmoz. Baina, justu elizako sarrera zapaldu behar zuen unean, su eta garren artean denen bistatik desagertu zen, "Nire umeak zerurako eta ni orain Mururako" oihu eginez.
Ordudanik noizbehinka mendi batetik bestera igarotzen ari dela ikus daiteke. Bere bizileku nagusia Murumendi mendia delarik.
9. ralarko Dama
Amezketa udalerriko Ugarte auzoan Zubin (garai batean Zubiñ) izeneko baserri bat ba omen zen, baserri honen inguruko basoan Azari-zulo izeneko leizea kokatzen zen, hau aldetik batetik bestera zihoan denboraldian Aralarko Damak atsedenlekutzat erabiltzen zuen.
Esan ohi denez, aipatutako Dama hori, antzinako garaietan alaba txarra izandako bat omen zen, beregain amaren madarikazioa erori zelarik:Deabruek eramango al haute!Berehala, su eta garretan estalirik amaren begi bistatik desagertu zen.
Txandaka Aralar, Aizkorri eta Murumendiko leizeetan bizi omen da. Sorgin hau mendi batetik bestera doan gauetan trumoi eta trumoi-soinu ikaragarriak entzuten omen dira.
Behinola, domina eta eskapularioz ongi hornitutako bi gizon indartsu Damaren leizera hurbildu omen ziren, modu honetan sorgin hau benetan han bizi zen jakiteko asmoz. Hantxe bertan topatu zuten, urrezko bi kandelen aurrean bere ile luzea horraztuz.
Bi gizonen izateaz ohartu bezain azkar, leize zuloaren sakontasunean ezkutatu omen zen, kandelak han bertan utziaz.
Bi gizon haiek kandelak bereganatu eta kontu handiz gordez euren etxera eraman zituzten. Baina horrat, euren etxeetara ailegatzean, kandelak jada apo bilakatuak zeuden.