LAMIA

1. LAMIA ETA ARTZAINA I

    Elezaharrak dionez, Anboto eta Arangio artean artaldearekin egoten zen artzain bati maiz agertzen omen zitzaizkion Lamiak, eta oso ongi pasatzen omen zuen hark, dantzan ibiltzen baitzuten airean. Artzaina gustura zebilen neska gazte eder haiekin, berak ez baitzekien Lamiak zirela. Batekin harreman sendoagoa egin zuen, eta etxeraino ere laguntzen omen zion. 

    Behin batean, eraztun bat oparitu zion Lamiak  artzainari, eta ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Mutilak kontatu zion amari, eta amak, kezkatuta, herriko apaizarengana joateko eskatu zion semeari. Elizgizonak, mesfidati, emaztegaiari oinak behatzeko agindu zion. 

    Artzainak horrela egin zuen eta bere hankak ikustean ahatearenak bezalakoak zirela ohartu zen. Orduan, eraztuna atera nahi izan zuen lamiari itzultzeko; baina ahaleginak egin arren, ezin izan zuen atera, eta atzamarra moztu behar izan zuen. Eraztuna atzamar eta guzti itzuli zion lamiari, eta etxera joan zen. Sendatu zuen atzamarra, eta ohean sartu zen. 

    Lamia haserre  bizian gelditu zen, eta mutila ez omen zen gehiago esnatu.

1. LAMIA ETA ARTZAINA II

Ereñoko artzain gazte bat lamia eder batekin maitemindu zen. 

Lamia hau, urrez jantzita, kobazulo batetik irten ei zitzaion. Mutil gaztea hantxe bertan lamiarekin maitemindu eta ezkontzeko asmoz, bere amari itaundu zion ia zer zeritzon. Amak, neskatila ederraren oinak ondo begiratzeko esan zion. Artzaina mendira joan zen eta han bere artaldeko ahari baten gainean, orrazten ikusi zuen, baita konturatu ere, neskaren oinak ahatearenak bezalakoak zirela. 

Mutil gizajoak ez zuen ezkondu gura izan, baina gaixotu egin zen eta maitasunez hil. Bere hiletan inork ezagutzen ez zuen eta negarrez eten gabe zegoen andre eder bat ikusi zen. Jendea, Ereñoko elizara heldu zen, baina, andre ez zen barrura sartu, ezta inork berriz ikusi ere. Mutilaren amak bakarrik aditu zuen guztia, eta gero herrian komentatu zuen. 

Harrezkero lamiak herritik aldendu egin ziren. 

2. LAMIA ETA IKASLEA 

Kortezubiko Matias Aranazek kontatuta 1921an. 

Ikasle bat lamia batekin maitemindu zen. 

Gurasoak ez zioten utzi gure lamiarekin ibiltzen. Gero ikaslea gaixotu egin zen, hil ere bai. Arratsaldean hilkutxa ekarri zuten handik ikaslearen etxeko etartera. Jendea etorri zen gaubeilatu egitera eta arrosarioa egitera. Haiek han otoitz egiten zeuden artean lamiak etartera etorri ziren, eta anda-izara ederrarekin ipini zuten anda. 

Gero jendeak ikusi zuenean andako-izara horrela zegoela, josi zioten iltzeekin anda berari,. 

Gero lamiek gauerdian anda-izara urratu eta alde egin zuten. 

3. Lamia eta hargina

Aspaldiko garai batean, hargin bat bizi zen Zuberoako herrixka batean, Zuraiden. Bere lana onetsia eta beharrezkoa bazen ere, hargina ez zegoen batere gustura, zeren, berak esaten zuenez, oso lantegi gogor eta neketsua baitzuen. Garai hartan lamia asko zegoen Euskal Herrian. Haietako batek gizonaren kexuak entzun zituen eta aurrera azaldu zitzaion. 

-Zer duzu? -galdetu zion- Ez zaude pozik?

-Ba, begira, harria pikatze hau oso lan neketsua da eta bizitzeko ere ozta-ozta ematen du. Ez ote naiz inoiz aberastuko!

-Hori nahi baduzu, -esan zion lamiak- aberatsa izango zara, bada !

Eta lamiak aberats egin zuen.

Hasieran, harginari ametsetan ari zela iruditu zitzaion baina berehala ohitu zen! Nahiko diru, etxe ederra, morroiak... izatea gauza atsegina zen benetan! Baina, denboraldi baten buruan, asper- tu egin zen bere egoera berriaz.

-Orain aberatsa naiz, egia -pentsatu zuen-, baina ez naiz ahaltsua.

Lamia berriro agertu zitzaion.

-Eta orain zertaz zara kexu?

-Bada... zera... orain aberatsa naiz eta hori ondo dago baina naizen baino ahaltsuagoa izan nahi nuke... Enperadore banintz!

Eta lamiak enperadore egin zuen.

Pozik zegoen hargina! Enperadore zen! Nahi zuen guztia zeukan eta bere esanetara zeuzkan denak...

Uda iritsi zen eta bero izugarria egin zuen. Enperadoreak ezin zuen txoko freskorik aurkitu jauregi osoan.

-Egia esan -zioen bere baitarako-, eguzkiak enperadoreari kalte egin badiezaioke ahaltsuagoa delako izango da, oxala eguzkia banintz!

Lamia han inguruan zegoen eta dena entzun zuen. Eguzki bihurtu zuen !Hargina pozikzegoen eguzki zelako, baina, halako batean, hodetxo bat jarri zitzaion aurrean eta estali egin zuen. Gizon aberats-enperadore-eguzkiak pentsatu zuen, hodeitxo batek estal bazezakeen, hura ahaltsuago zela bera baino. Hodei izateko gogoa sartu zitzaion.

Eta lamiak hodei bihurtu zuen.

Hargina zoratzen zegoen bere egoera berrian. Hodei izatea oso atsegina zen, tximistak eta euria jaurtiki zitzakeen lurrera, jende guztia busti zezakeen eta bakoitza bere etxean sarrarazi... Bat-batean haitz bat ikusi zuen, zaparradari lasai eusten zion eta haitza ahaltsuagoa zela pentsatu zuen, hodeiak ezin baitzion ezer egin. Haitz bihurtzea nahi izan zuen.

Eta lamiak haitz bihurtu zuen.

Baina haitz egin zenetik laster mailukada batzuk sumatu zituen berari joka. Mila zatitan puskatu zuten eta, orduan, oihu egin zuen:

-Hargina da ahaltsuena, haitza mila zatitan apur baitezake! Ai, hargina banintz!

Eta lamiak hargin bihurtu zuen berriro. Gero, esan zion:

-Gauza bat zarenean bestea izan nahi duzu ! Hara bada... hasieran bezalaxe zaude! Hemendik aurrera hobe izango dugu nork berean jarraitzea: ni lamia eta zu hargin.

Eta lamia desagertu egin zen eta. harginari ez zitzaion beste inoiz azaldu.

EUSKAL HERRIKO LEIENDAK. Toti Martinez de Lezea

4. Lezaoko Lamia

 

    Arabako Agurainen diotenez, Entzia mendiko Lezaoko haitzuloan, oso emakume bitxi bat bizi omen zen garai batean. Guztiz ederra omen zen eta lurreraino iristen zitzaion urrezko ile luzea. Jende askok ikusi zuen dama eder hura erreka bazterrean orrazten. Orrazia ere urrezkoa zuen eta mendian behera zetorren erreka hura erabiltzen zuen ispilu gisa. Egunero, egunsentian, bere haitzulotik atera eta haitz baten gainean esertzen zen. Luzaroan aritzen zen orrazten, aldi berean inork ezagutzen ez zuen hizkuntza batean abesten zuela.

    Behin batean, mutil gazte batzuk solasean ari ornen ziren herriko plazan. Besteren artean, Lezaoko damaren gaia aipatu zuten. Batzuen iritzian, atso kontuak baizik ez ziren horiek; beste batzuen iritzian, berriz, egia zen dama hura Amilamia zela. Baina, egia esateko, mutil haietako inork ez zuen inoiz ikusi, eta inoren esanak errepikatzen ari ziren. Azkenean, hori jakiteko erarik egokiena bertarajoan eta egiaztatzea zela pentsatu zuten; esan bai, baina inor ez zen ausartzen hara joaten, beldurra zutela esan gabe, ordea. Horretan zeudela Perikot azaldu zen. "Tontoa" deitzen zioten, beti ametsetan zegoela ematen zuen eta.

    -Kaixo, lagunak, zertan ari zarete? -galdetu zien Perikotek, eta erantzunik emateko astirik utzi gabe, plazako harriekin jolasean hasi zen.


    Beste mutilek elkarri begiratu zioten eta irribarre egin zuten.

    -Aizak, Perikot, -esan zion taldeko buru zirudienak- gure talde- koa izan nahi al duk?

    Perikotek harrituta begiratu zion, baina berriro gauza bera esan zion taldeko buru-edo egiten zuenak:

    -Ea, Perikot, gure taldekoa izan nahi al duk? Gustura ibiliko haiz... gurekin festetara etorri ahal izango duk eta gure sekretu guztiak jakingo dituk...

    -Ba... nik... egia esan...

    -Ondo da, ondo da -esan zuen taldeburuak, erantzunetarako astirik eman gäbe, bere kideei aieru eginez- Ezta baietz, e, mutilak?

    Denek egin zuten baiezko aieru.

    -Baina jakin behar duk -jarraitu zuen lehengoak- gure taldea elkarte sekretua dela eta ezìn dugula edonor onartu... lehenagotik froga batzuk gainditu behar dituk, ulertzen?

    Perikotek ez zekien ondo zertaz ari ziren, baina buruaz baietz esan zuen.

    —Ederki!, banekian nik konponduko ginena! Entzun ondo hau: Ba al dakik non dagoen Lezaoko haitzuloa? Bai? Ederki! Ba... hara joan eta emakume eder bat agertu arte han egon behar duk. Nor den eta nondik datorren galdetu behar diok eta gero, zerbait eskatu behar diok guk han izan haizela ziur jakin dezagun, ados? Beno, ba! Segi!

    Mutilek beren artean barre eta keinuak egiten zituzten bitartean, Perikot herritik atera eta Lezaorantz abiatu zen. Haitzulora hur- bildu zenerako ahaztua zeukan zertara zihoan hara. Gaua berehala etorri zen eta mutil gizajoa loak hartu zuen zuhaitz enbor baten kon­tra, errendituta baitzegoen.

    Abesti batek esnatu zuen. Begiak zabaldu eta arbolen hostoei begira geratu zen. Hasieran ez zuen garbi jakin non zegoen ere, gero etorri zitzaizkion burura Aguraingo gazteak eta haitzuloren batekin zerikusirik zuen zerbait egin behar zuela. Jaiki zen eta orduan ikusi zuen dama, kantari, erreka bazterrean orrazten. Emakumeak irribarrez begiratu zion eta Perikot "tontoa", berak ere irribarre eginik, damaren ondora joan zen esertzera.

    Damak kantari eta orrazten jarraitu zuen luzaro; bien bitartean, Perikotek, hankak uretan sartuta, harri azpian gorde nahi zuen karra- marro bati begiratzen zion.

    -Nola duzu izena? -galdetu zion, azkenean, Amilamiak.

    -Perikot "tontoa" -erantzun zion mutilak.

    -Zergatik "tontoa"? -galdetu zion berriro ere damak.

    -Ez dakit ba... tontoa naizelako ¡zango da noski...

    Eta Perikot berriro ere karramarroari begira jarri zen, harri arinagoren baten azpian babestu nahi baitzuen, nonbait.

Dama jaiki zen eta haitzuioan sartu zen. Berehala itzuli zen eskuetan bahe bat zuela.

    -Tori, Perikot, hau zuretzat da.

    Perikot baheari begira geratu zen, hartu eta damari irribarre egin zion. Gero, etxera itzultzeko garaia izango zela eta, aide egin zuen. Agurainera iristerakoan, bere bila zihoan gizon talde batekin topo egin zuen, gurasoak erabat kezkaturik baitzeuzkan gauean lotara agertu ez zelako eta mutilek esan zieten nora joan zen.

    -Perikot! Non zinen?

    -Perikot! Non igaro duzu gaua?

    -Zer dakartzu hor?

    Perikotek irribarre egiten zuen eta ez zuen ezer esaten. Orduan, bahea astintzen hasi zen, irina bahetzen ari balitz bezala eta denek burutik egina zegoela pentsatu zuten, baina... oi!, bahetik irina erortzen zen! Nola zitekeen hori? Han ez zegoen irinik! Eta, hala ere, irina erortzen zen! Gizon batek hartu zuen bahea. Astindu zuen, baina irinik ez. Beste bat ahalegindu zen, eta beste bat, eta beste bat... Alfer-alferrik. Orduan, Perikot "tontoak" astindu zuen berriro eta berriro ere irin fina erortzen zen, beren bizitzan ikusi zuten irinik zuriena !

    Geroztik Perikot "bizkorra" hasi zitzaizkion deitzen. Okindegi bat jarri zuen eta oso zoriontsu bizi izan zen. Zahartuta hil zen eta, herritarrak magiazko bahe haren bila hasi zirenean, ez zuten inon aurkitu. Ordurako bere jabearengana itzulia zen, Lezaoko Amilamiarengana.

5. Santegiko lamia

Munduan beste asko bezala, behin batean Sanztegiko gizona idiekin omen zebilen soroa lantzen.

Halako batean idiek alde egiten omen diote Lamiñosinera, atzeko arrea eta guzti. Osin horretatik lamia bat ateratzen da arrearen hortzak ileetan trabatuta.

Gizonak esan omen zion orduan lamiari berak mantenduko zuela eta joateko bere etxera. Hala joan omen zen lamia Sanztegira, gizonak esan bezala. Alabaina eginahalak egin arren, ez omen zion hitzik ateratzen. Halako iluntze batean, esnea egosten jarri eta lamia sukaldean bakarrik utziz jaitsi omen zen ukuilura gizona. Esnea gainezka hasi zenean, “txurie gora” deiadar eginez tximiniatik gora alde egin omen zuen lamiak, bere orrazia han utzita.

Hurrengo batean, atzera etorri eta hots egin omen zion Sanztegiko etxekoandreari:

Andra Geaxi;

Ekatzu nire orrazi;

Bestela galduko dittut;

Zure ondorengo azkazi

Orduan Geaxi konfesorearengana joan omen zen zer egin behar zuen jakiteko, eta hark esan omen zion aga edo makila luze baten gainean jar zezala lamiaren orrazia. Horrela egin omen zuen Geaxik, eta deitu omen zion lamiari. Hau etorri omen zen, eta orrazia hartu eta makila bitan puskatuta alde egin omen zuen. Hori hala bazen, sartu dadila kalabazan.

6. Lamia kolpatua

    Larrun mendiaren oinetan bizi ziren lamina batzuek erasotzen zien auzoetako anitz etxeri. Arrats batean joan ziren tximinia baten kaskora, eta handik behera begira jarri. Bazirudien sukaldean ez zegoela emaztea beste inor, eta jaitsi egin ziren; bertan topatu zuten etxekoandrea zizeilu(1) batean jarria, iruten(2) ari zelarik. 

    Bozkariotu(3) egin ziren aukera ona zutelako, zeren nagusia ohean baitzegoen une hartan. Zernahi ausardia eta ozarkeria(4) egin zioten emazteari. Andre hura ere ez zenez gero oso eskuzabala, ez zien deus eman lamina eskale txar haiei. Baina hala eta guztiz ere, zartaginetan zeuden gurin hondar guztiak milikatu zizkioten, gurina biziki maite baitzuten. Handik beren zuloetara joan zirenean, emazte hark gau berean salatu zion dena bere senarrari. 

    Biharamunean arratsa etorri zenean, emaztearen soin zahar bat jantzi zuen, eta sudur-zapi ilun bat jarri buruan; kiloa(5) hartu zuen iztupa(6) lodi batez kargaturik, eta zizeilu berean eseri zen, zartagin batean gurina irakiten zuela.

    Horra non egundaino bezala jaisten zen lamina bat tximinian behera, eta nonbait –laminaren izpiritu gaiztoa– iruditu zitzaion bestelako irule zela, eta esan zion:

    -“Zer, atzo hi pirun pirun ari hintzen iruten, eta gaur pordoka pordoka?”.

    -“Bai, atzo liho fina nian, eta gaur iztupa”.

    -“Eta nor haiz bada hi?”.

    -“Ni, nihaur”.

    Laminak esan zion:

    -“Ekarran busti bat”.

Besteak ez zion ihardetsi. Oraino, berriz ere:

    -“Ekarran busti bat”.

     Eta kokorikatu egin zen, hurrupatu nahi balu bezala. Eta hainbesterekin, iruleak hartu zuen zartagina kirtenetik, eta bota zion gurin irakina zaflakoan laminari,     non marrumaz eta garrasiaz igo baitzen tximinian gora bere lagunengana.

Lagunek ikusirik beraren arrengurak, galdegin zioten:

    -“Zer duk, lagun? Nork egin dik?”.

    -“Nihaurrek”.

    -“A! Orduan zer nahi duk egin, hihaurrek egin badiok heure buruari? Inork ez dik hobenik, hihaurrek baizik”.

 Eta lamina ia hilzorian gelditu zen gurin irakinez gantzutua.  


.............................................................................................

(1) Zurezko eserleku gutxi-asko luzea eta bizkarduna, bizkarraren erdiko zatia mugikorra eta mahai gisa erabiltzeko modukoa duena. Sarritan eserlekuaren azpialdea itxi egiten zen eta oilo, untxi eta hainbat animalia txiki hazteko erabili ohi zen. Euskal altzari tipikoa da.

(2) Artilea hari bihurtzen.

(3) Poztu.

(4) Errespetu eta begirunerik gabe jokatzen duena.

(5) Gorua. Iruteko tresna, goian iruteko gaia jartzeko atala duen makila-antzekoa. Batzuetan gurpil, biela eta pedalez osatua da.

(6) Lihoa edo kalamua zehatzean bereizten den zati larria, hainbat erabilera dituena.

7. Atramingo Lamiak

Behinola, Atrarnin errotako (Zeanuri) janbeak, egunez basoan idea ebakitzen jardun eta gero iluntzean etxeratu zenean, bere andrea sutondoan negarrez topatu eban. Gizona, andrea negarrez ikustean, ikaratu egin zen eta, atsekabe haren aztarna jakin guran:

—Zer pasatzen da? Zegaitik honek negarrok? — itandu eutson.

Eta gizonaren itaunari andreak ez eutsan ezer erantzun: negar eta negar eginez bere arlo ixilean aurrera jarrita baina. Ordnan, gizonak, haserre antzera, bene-benetan esan eutson:

—Nahi bata nahi bestea dela, zer pasatzen zaizun oraintxe bertan esan behar deustazu!

—Hona, bada — erantzun eutson andreak: zuretzat afaritarako eduki dudan esnea, neska batek laratzatik galdara  hartuta, dangada baten edan deust.

—Ba! Hori baino ez bada ... ! Eta gauza horri horrenbeste negar ... !

-Bai, baina ... iluntze guztietan etorriko dela esan deust; eta esnea laratzaren ondoan edukitzen ez badut, beragaz eroango nauela. . . !

—Nora, gero, eroan! Geu ez gaude, ba, hementxe? Eta neska hori, zein modutakoa izan da, ba? 

—Larrosa bezalako aurpegiagaz, eder-ederra izan da. Eta nor ote dan itaundu deutsadanean, erreka ertzeko lora ederra dela esan dost. Oi, haren ahotsaren eztia, haren kanta ederrak!

—Egingo nuke apustua Lamina demonioren bat izan dela! Egun guzti-guztietan esnea edatera etorriko dela esan badeatsu, laminaren bat izan da, hurrean: larninak, gizonak ardotara legez, esnetara itsuak izaten dira—Bihar berriz, neure begiakaz ikusi gura dudanez, basotik goizago etxeratuko naiz; eta, beragaz berriketaldi bat eginez, nor den eta nor ez den laster igarriko dut.

Esan eta egin, biharamun iluntzean Atramingo etxeko jauna goizago etxeratu zen; eta neskatxa ezezagana sutondoan bere andreagaz berriketan zegoela ikasi zuen. Neskatxa, baina, gizona ikustean ikaratuta, ixildu egin zen. Eta gizanak berba eta berba egiten eutsan arren, ez eutson ezer erantzuten.

Orduan, senarrak emazteari esnea egosten ipini zezala esan eutson; eta emazteak berehala laratzan galdara handi hat esneagaz beteta ipini eban.

Eta esneak gora egin ebanean, neskak, pozez beterik, zoratuta legez, deiadar handi bat eginez:

—Txuri gora!, txuria gora! —esan eban.

Etxandereak, hori entzunda, neskari nahi adina esne eman eutson; eta neska, nahi adina esne edanda gero, isilunea itxita, berriketan eta kantatzen hasi zen.

Atraminga etxeko jaunak, neskak esneagaz egindako betekada egin zuela igarri eatsanean, bere artean "zertzeladak oraintxe atarako zizkioat" esanda, neskari berbetan ekin eta ekin eutsan. Eta inon diran berriketak eginda gero:

—Nor zinen? galdetu eatsan.

—Hemendik urrin barik dagoen koba eder bateko lamina naiz ni —erantzun eutsan neskatxak- eta gure bizitokirik kutunena, hor goiko erreka ertzean daukagu,

—Zenbat zerate?

—Mila eta bat.

—Eta, zer egiten duzue?

—Egunez meridian lorak batu, eta gauez zerruko izarrak zenbatu, eta haizearen soinuetan dantzan egin. ..

—Sekulako bizitza daroazue, arranotan! Noiztik zaudete munduan?

—Egazkia agertu zanetik, lurraren gainean gaude; eta itargiak eta izarrak goian apaintzen duten artean, hemen izanga gara.

Azkeneko berba horiek entzutean gizona ikaratu egin zen; eta bere golkorako hauxe esan zuen: "Eurak ondoan ditugula bizi behar badugu beti, onak gaude. Gure arbaso zintzoek ere, eurak zirela bide, inon diren atsakabeak igarotzen zituzten; eta geuk ere berdin. Eta ... Lamina hauen bizitzak mundua mundu den artean irauten badu, gure ondorengo guztiekere inon direnak igaro beharko dituzte. Hau zoritzarra!"

Zeozer pentsatzen jardun eta gero, hauxe itaun eutson lamiari:

—Zuen bizia amaitu leukenik, badago ala ez da?

—Bai, zeozer badago. . . ; baina inortxokere ez daki, geuk baino.

—Esaidazu, ba, zer den: nigandik kalterik ez duzue izungo eta. Gainera,

esneu egun guztietan emanga deutsugu.

Esne-kontuagaz lamia pozez beterik jarri zen. Eta buruan zuen ile adats eder eta gorriskari eskuagaz goratuta:

—Eta ile adats miragarri horiek, zelan ebaki liteke, ba? 

—Hona, badu —erantzun eotson lamiak-: gure ilem gorriska ederra ebakitzeko, San Juan bezperan jaioriko zekor nabar biren indarrez baliatuz, itargi beteko gau batean, hogei iltze burdinezko goldeagaz erreka hori gau   osoan goldetu behar da. Eta erreka ondo goldetuta, egun sentiak bazterrak argitu  baino lehen, zekor nabar biak mendi tontorreko haizeetan solte utzi behar dira. Horretan dago, ba, gure amaiera.

Geroko egun batean, Altamingo errotako gizonak, ibili eta ibili, San Juan aurregunean jaioriko zekor nabar bi aurkitu zituen. Eta lamiak esan eutsonez, goiko erreka, itargi beteko gau batean, burdinezgo goldeagaz batera eta bestera ondo goldetu zuen. Etaegun sentia baino lehen, burdinezko goldearen hortzek ikusgarrizko ile adats piloa atera zituzten. Guztira mila eta bat ile zenbatu zituen.

Eta Altamingo lamia guztien azken eguna hartan izango zelako, errotako sendian aurrerantzean bakean eta zoriontsu bizi izan omen zen.

Iturria: Errose Bustintzaren ipuinak. Bilbo 2000.

8. LAMINERREKAKO LAMIA


    Zeberioko herritarrak lamien inguruko elezahar ugari konta ohi zuten antzina. Herriaren inguruetan lamiak bizi ziren leku asko zeuden: ezagunena Laminerreka zen.

    San Juan egunean ateratzeko ohitura zuten Lamiak, eta Zeberiotarrak Lamia bat harrapatzea lortu zuten Laminerrekan. Eginahalak eginda ere ez zuten lortzen hitz egin araztea, eta halako batean, esnea izugarri gustatzen zitzaiela gogoratu ziren. Horrela bada, esnea irakiten jarri zuten eltze batean, eta irakin zuenean, honela esan omen zuen Lamiak: Zuria goian! Zuria goian!

    Hitz egitea lortu zutenez, erreka hartatik Lamiak desagertzeko zer egin beharra zegoen galdetu zioten. Honek erantzun zien, Lamiak Laminerrekati berehala alde egitea nahi bazuten, San Juan egunean jaiotako bi txal gorrirekin erein beharra zeukatela erreka.

    Horrela egin zuten, eta bertako nagusiek diotenez, erreka ereitean Lamien adats horiak atera ziren eta urra odolez gorritu zen.

    Ordutik, Laminerrekan ez da Lamiarik ikusten. 

9. Ligiko zubia

Ligin zubi bat zuten. Baina urak bota eta eraman egiten zuen askotan. Jakintsuek Ligiko zubia erromatarrek egina dela diote. Ez, horixe! Nik badakit, amonari nire haurtzaroan entzunda, lamiek egin zutela zubi izugarri hori. Ez uste lamia guztiak gaiztoak direnik! Zintzoak ere badira. 

Aspaldi, Lesarantzu mendiko lamiek Ligin, ibai handian, zubi bat egitea pentsatu zuten. Lan handia, baldin bazen! Baina ba al da lamiek egin ezin dutenik? Gau ilun bat hautatu zuten, ez baitzuten ikuslerik nahi. Isil eta gogoz lanean hasi ziren, argitu baino lehen zubia egiteko asmoz. Zubi-arkua eraiki zuten, ez bi goieratik batera, guk bezala; goiera batetik bestera, lamiek egiten ohi duten bezala baizik. 

Handik ez urrun, bazen okin bat eta beti bezala, gauerdian labea piztu zuen. Oilategitik oilar gazte bat hasi zen kukurruka eta hegalak astintzen, labeko argitasun hura ikusiz eta egunsentia zela pentsatuz. 

Lamiak azken harria bere lekuan jartzen hasi ziren. Baina oilarraren kukurrukua entzun zutenean, brau! Harria ibaian behera bota eta oihu ozen batekin ilunpean galdu ziren. 

Geroztik, ibaiko ura garden denean, nornahik ikus dezake zulo handi bat, lamiek bete gabe utzi zutena. 

10. LAMINA ETA HIRU AIZPA

 

        Behin batez bazen emazteki bat. Bazituen hiru alaba eta egun batez gaztena abiatu zen, gan behar zela sehi. Hiriz hiri zohalarik atzematen du lamina bat eta galdetzen dio:

        —Norat zohazi haurra?

        Eta erraten dio:

        —Neskato plazarik badakizu?

        —Baietz; nahi bazare ene etxerat ethorri, hartuko zaitut.

        Erraten dio baietz eta goizeko lanak ematen diotza. Erraten dio lamina harek:

        —Nihorari ilkhi behar naiz, bainan zure lanak izanen dire: sukaldia aintzurtuko duzu, pegarra hautsiko duzu, baxera guziak porroskatuko ditutzu, haurreri gosaiterat emanen diozute eta bisaiak zikinduko, iliak kartsailluko ditutzu.

        Eta hari zelarik haurrei gosaiterat ematen, heldu zaio xakur ttiki bat eta erraiten dio:

        —Ttau, ttau, ttau, nik ere zerbeit nahi.

        —Hail hemendik xakur txarra, emanen haut ostiko bat.

        Eta xakurra ez zen gaten. Azkenian ematen dio jateko pixka bat eta erraten dio:

        —Nik orai erranen etxeko andriak zer erran duen iteko.

        Eta erraten dio:

        —Erran zaitu sukhaldia garbitzeko, pegarra bethetzeko eta baxera guziak garbitzeko, eta guziak ongi eginak balinbadituzu, emanen zaitu hauta: orai zer nahi duzu, zakhu bat ikhatz ala zakhu bat urhe? Izar ederra kopetan ala asto zilla kopetan? Eta erranen diozu zakhu bat ikhatz eta asto zilla kopetan.

        Eta etxeko andria arribatzen da eta bere neskato berriak lan guziak inak ikhusten zelarik, arras kontent zen eta erraten dio:

        —Hauta, zer nahi duzu orai ene neskato: zakhu bat ikhatz edo zaku bat urhe?

        Eta erraten dio:

        —Ba, nik igual zakhu bat ikhatz.

        —Izar ederra kopetan edo asto zilla kopetan?

        —Ba, nik, asto zilla kopetan.

        Eta ematen dio zakhu bat urhe eta gero ematen dio izar ederra kopetan. Eta neskatxa hori partitzen da etxerat. Hain zen ederra izar ederra kopetan eta zakhu ederra bizkarrian, eta familia guzia estonitzen da eta erraten dio alaba zaharrenak bere amari:

        —Ama, gan behar naiz ni ere neskato.

        Eta erraten dio:

        —Ez haurra, hik jeus ez dun eginen.

        Eta ez baitzuen bakerik eman nahi, partitzen da. Bertze ahizpa bezala arribatzen da laminen hirirat eta atzematen du barnian hura bera. Eta erraten dio:

        —Norat zohazi neskatxa?

        Erraten dio:

        —Neskato!

        —Zato gure etxeat.

        Eta hartzen du sehi. Ematen dio aintzinekoari bezalako lanak eta hasten sukaldia aintzur eta aintzur, baxera guziak hauts, pegarra hauts, haurreri gosaitera eman, eta guzieri bisaiak zikintzen eta bazen oino gosari hondarra. Eta xakurra heldu da eta xakur harek egiten zuen:

        —Ttau, ttau, ttau. Nik ere zerbeit nahi.

        Bethi han zabilkion ondotik, eta ez dio fitsik ematen. Eta azkenian jotzen du ostiko batez eta egortzen du kanporat. Eta heldu da etxeko andria. Atzematen du sukalde guzia haintzurtua, pegarra eta baxera guziak hautsiak, eta galdetzen dio:

        —Orai, ene neskato, zer nahi duzu sari?

        Eta erraten dio zakhu bat urhe eta izar ederra kopetan.

        Eta ematen dio zakhu bat ikhatz eta asto zilla kopetan.

        Badoha etxerat nigarretan eta erraten dio amari hura hain triste heldu dela. Eta tartekoak galdetzen dio berriz permisionea. Ezetz. Uztu da eta geldi arazten du etxian.

Euskal ipuinak

Wentworth Webster

1877 

11. Lamina eta irulea

Behin batez bazien jaun andre batzuek eta andrea haritzen zen arratsetan iruten. Eta ethortzen zitzaion emazteki lamina bat eta etzitaken nihondik kasa. Eta ematen zion arrats guziez xingarra jaterat. Et azkenekotz arras unatua zen emazteki hura bere laminarekin.

        Egun batez erraten dio bere senarrari ez zezakela nihundik buru bere lamina, eta nahi zuen egorri. Eta haren jaunak pentsatzen du behar dela bere andriaren arropez beztitu emaztekia balitz bezala. Eta iten du.

        Haren andrea oherat gaten da eta gizon hura bera sukhaldian gelditzen da eta usaian bezala heldu zaio bere lamina. Hari zen iruten. Laminak egiten dio:

        —Agur andre.

        —Bai zuri ere, lamina. Jar zaite.

        —Lehen xirinxirin haritzen zinen, bainan orai firgalu fargala hari zare.

        Gizonak ihardesten dio:

        —Bai, orai unatua naiz.

        Nola haren emazteak ematen baitzion xingarra jaterat, gizonak ofreitzen dio:

        —Nahi duzu orai afaldu?

        —Bai, nahi baduzu, laminak ihardesten dio.

        Ematen du padera suan xingar puska batekin. Irakitzen hari zelarik, gorri gorria ina, botatzen dio laminari bisaiaren erdirat. Hasten da lamina gaixo hura nigarrez deihadarka. Heldu zaizko hogoi ta hamar bat lagun. Galdetzen diote:

        —Nork zer egin daun?

        Errepusta:

        —Ni neuk nee burua.

        —Hik hire buruari in badion, atxikan!

        Partitzen die lamina guziak eta ez zen etxe hartarat ethortzen gehiago laminarik.

        Jaun andre hek aintzinean hain ungi zienak, gero, lamina hek ganez geroztik etxe harek baatxe baatxe jo zuen errekarat, eta jaun andre hek miserian baizik izatu zien.

        Ungi bizi bazien, ungi hil zien.

Euskal ipuinak

Wentworth Webster

1877

12. APEZA ETA LAMIAK (Mondarraingo laminak)

Larrungo mendiaren oinetan bizi ziren laminek, leze batean; jendeak pertsekutatzen zituzten, inguruko etxekoak bereziki. Behin, apezaz trufatzeko, auzoko gizon bati erran zioten:

- Hoa Sarako erretorearengana eta erraiok guregana etortzeko.

Erretora badoa "bainan halako moldez izitu eta beldurtu zituen haren bertuteak, non ez baitzen lamina bat agertu apezaren inguruetara, eta apeza etxera itzuli zen nehor ikusi gabe. Laminak berriz lehengo mandatariarengana:

- Zer zen oraistian hemen izan den gizon arropa beltz hura? Hoa berriz harengana eta emaiok gerriko zinta seda hori gerrian ibil dezala.

Hala egin zuen gizonak; apeza mesfido zen eta galdegin zion:

- Badakizu zinta horren neurria zenbat den?

- Ez jauna.

- Zoazi lezeari hurbil den gaztainondora eta neur ezazu zenbat inguru egiten duen zuhaitz horretan.

Gizonak hola egiten du, zuhaitzaren inguruan neurtzen du zinta eta azkena egin duen bezain sarri, suntsitzen zaizkio begi aintzinean bai zuhaitza eta bait zinta seda.

 (Cerquand, 1986).

13. LAMIA ESKALEA ETA BERE ZIGORRA 

Garaiko andrea burduntzian okela erretan zegoen, eta etorri zitzaion lamiña, apoa burduntzian zuela, eta okela joten zuen apoarekin. 

Gero, esan zion Garaiko andreari: 

- “Zu koipetsu eta ni kakatsu”. 

Gero Garaiko andreak esan zion: 

- Egon zaitez geldi! Ostera ere egiten zion lamiñak. 

Andreak gero burduntzia begitik sartu zion. 

Laminak galdetu zion Garaiko andreari: 

- Zein da zure izena? 

Andreak erantzun zion: 

- “Ni neuk”. 

Lamiña joan zen bere tokira negarrez, eta bere lagunek galdetu zioten: 

- Nork egin dizu? 

- “Ni neuk” -esan zien. 

- “Zuk egin baduzu, nork zuen zer ikusi?” -besteek. 

Handik galdu egin omen zen lamiña. 

Kortezubiko Matias Aranaz-ek eta Nabarnizko Tomas Kobeagak kontatuta 

14. LAMIEN AINTZIRA

Bermeo aldeko zaharrek ziotenez, bazen garai batean Matxitxakoko lurmuturraren ondoan Utxin izeneko aintzira lasaia, lamien bizileku zena. Eguzkia sartu ondoren inor ez omen zen ausartzen aintzirara hurbiltzen, bai baitzekiten hara joaten zenak nekepean eta oinazetan bizi beharra izango zuela betiko.

Beste ilunabar askotan bezala, Bakioko ehiztari gazte bat, oso mutil ederra, etxera bidean omen zihoan eguneroko lanaldi gogorra amaitu ondoren. Uda zuen izena mutil horrek. Artean ez zekien amodiozko pena eta nahigabeen berri, eta lasaitasuna eta zoriontasuna nabaritzen zitzaion aurpegian. Baina zoriontasun gozo horrek ez zion luzaroan iraungo.

Egun hartan, zorigaiztoko aintzira horren paretik igarotzean, halako giza irudi batzuk-edo ikusi zituen, hara eta hona mugitzen. Berandu samar zebilen eta oso nekaturik zegoen; bazekien, gainera, egitera zihoana arriskugarria zela benetan. Halere, ezin izan zion barrendik zetorkion ikusminari eutsi, eta bertara hurbildu zen, zeintzuek ote ziren jakitearren.

Huraxe ikuskizun zoragarria begien aurrean azaldu zitzaiona! Hamabi dontzeilatxo, zein baino zein ederragoak, jolasean zebiltzan biluzik aintzirako ur gardenetan.

Ehiztari gazteak esku-gainaz begiak igurtzi zituen behin eta berriro, ametsetan ari zelakoan. Hala ere, dontzeila eder haiek inora alde egiten ez zutela ikusirik, egiaz gertatzen ari zitzaiola ohartu zen. Bat-batean, neskatxa haietako batek, haietan guztietan beharbada ederrena zenak, mutila zegoen aldera begiratu eta sekulako ikara hartu zuen, han ikusi zuenean. Bere lagunei zelatariaz ohartu zien berehala, eta oso ikaraturik, aintzirako ur bareetan murgildu ziren izaki miresgarri haiek guztiak, lehoi basatiaren erasoak ustekabean harrapaturik ihesi doazen gazela gazteen antzera.

Atzera etxera abiatu zenerako ilun-ilun zegoen. Izan ere, halako izaki harrigarrien agerpenaz zeharo liluraturik, denbora luzean egon baitzen bertan neskatxak urpean ezkutatu ondoren, menderatu ezineko indar batek betiko han geldiarazi nahiko balu bezala. Itzulerako bidea ere besteetan baino luzeago eta nekezago egin zitzaion egun hartan. Izaki haiek burua guztiz nahasi baitzioten, ordu arte sekula ezagutu ez zuen eta bihotza taupada bizian jartzen zion zerbait sentiaraziz.

Bioltza, bere txikitako inudea, atean itxaroten zeukan. Kezkatan eta luzetsirik zegoen, mutila betiko garaian azaltzen ez zelako. Jai eta aste gutxira Uda umezurtz gelditu zen, eta emakume hark jaso eta hazi zuen, benetako semea balu bezalaxe; mutilak ere benetako amatzat hartu zuen beti.

- Zuri zerbait gertatu zaizu, alferrik ukatuko didazu! –esan zion inude zaharrak asaldaturik. Udaren begitarte ilun larrituari begira-begira-. Zer ikusi duzu bada? - Ehiztariak, ordea, ez zion ezer erantzun, ezta beti bezala maitekiro agurtu ere. Kopetilun eta begirada larri, gogoa beste nonbait zuela, mahia gainean hustu zuen zakutoa. Bioltza segituan ohartu zen gertatutakoaz, eta intziraka esan zion: -Badakit, bai, horiek ikusten izan zara, zure inude zaharraren esanari batere kasurik egin gabe! Zergatik joan zara Utxinera eguzkia sartu ondoren... Baina, honezkero ez du erremediorik, egin duzu eta kitto! Ez batak ez besteak ez zuten gau onik igaro. Ezin izan baitzuten lorik egin; emakumea nahigabeturik zegoen Udak aurrerantzean izan behar zituen arazo latzak burutik kendu ezinik; mutila, berriz, suak harturik eta asaldaturik, gogoan josita gertatu zitzaizkion irudi haiek biziki aztoratzen zutelako.

Eguna argitu orduko, uda ohetik jaiki izen salto batean, hartu zituen eskopeta eta zakutoa, eta etxetik irteteko prestatu zen, goizero bezala. Baina, lehendabizi, inude irteteko prestatu zen, goizero bezala. Baina, lehendabizi, inude zaharrarengana joan zen agur esatera, betiko moduan. Emakumea une horretxen zain zegoen, eta besotik goxo-goxo helduta esan zion:

- Badakit aintzirara joateko asmoa duzula, izaki horiek berriz ikustera. Baina, nahiko lan izango duzu, atzo bezala ustekabean harrapatzen ez badituzu behintzat. Horiek ikusteko duzun grina horrek lasaitasuna hondatu dizu eta patxada eta bizi-poza galaraziko dizu betiko. Tira, nire gogoz ez bada ere, lagunduko dizut egiteko horretan –eta urrezko orrazi distiratsu bat erakutsi zion-. Horrako orrazi hau erabiliz nahi duzun guztia lortuko duzu haiengandik baina ongi aditu: ez dezazula ezergatik ere inoren eskuetan utzi, bestela galdua zara. Ongi aterako ahal zaizu zena!

Emakume zaharrak orrazia eman zion. Gero estu-estu besarkatu zuen, elkarrengandik betiko banandu behar balute bezala. Ehiztari gaztea saminez beterik ohartu zen, inudearengandik aldentzean. Bioltzak begiak malkoz bustirik zituela.

Arratsalde horretan, luzaz ibili zen Utxin inguruan, zer ikusiko. Eguzkia ispilu batean bezain garbi islatzen zen aintziraren ur gardenetan, batere- batere mugitu gabe. Bat-batean, eguzkia mendiez harantzago ezkutatzera zihoan une berean, ur-hotsa aditu zuen mutilak. Pilpiraka hasi zitzaion bihotza. Eta arnasa estutu zitzaion...

Bioltzak ez zion gezurrik esan. Zalantzarik gabe, eskuetan zeukan orrazi hark egin zuen miraria. Une horretan, urazpitik gora atereaz, izaki miresgarri haietako bat agertu zitzaion, biluzik, aurreko egunean bezain irribarretsu. Oraingoan, hala ere, ez zuen ihes egiteko itxurarik batere. Aldiz, adiskidetsu eta adeitsu agertu zitzaion.

- Tira, mutil, ekardazu orrazi hori, neurea da eta! -esan zion ezti-eztiki, eskua luzatuz. Amaordearen hitzak gogoratu zitzaizkion orduan, eta neskatxa maitagarri hari entzungor eginez, golkoan gorde zuen orrazia. Gero, eskutik heldu zion neskatxari eta uretatik aterarazi zuen, eta modu onean baina zorrotz samar, honela mintzatu zitzaion.

– Orraziaren truke, neurea izan behar duzu! Une horretan, ehiztariak estu besarkatu zuen neskatxaren gorputz bustia.

– Zeurea izango naiz, nahi duzun guztia egingo dizut, gogoak ematen dizun guzti-guztia bai, baina orrazia eman behar didazu! -esan zion pixka bat larriturik. Hartan, mutilaren aurpegia laztantzen hasi zen fereka goxoz. Eta mutila, pozaren pozez, dardaka jarri zen.

Horrela, bada, maitale apur bat baldarraren nahietara makurtu zen neskatxa, eta trebetasun handiz, inon diren plazer eta atsegin gozoenak sentiarazi zizkion. Gero, aintzira bazterreko belar gainean etzanda zeudela, neskatxa ederrak honela xuxurlatu zion Udari, losintxak eginez:

- Orain emango didazu, ezta? Bere bizitzan aurreneko aldiz amodioa egin ondoren, ahuldurik eta neka-neka eginda zegoen gaztea; hala ere, urrezko orraziari gogor eutsi zion eta esan zion:

– Emango dizut, baina lehenik elkarrekin batu gaitezen, berriro, uretan orain!. Utxingo uretan murgildu ziren eta besarkadarik gozoenean batu ziren berriro. Besarkada hori ez zen izan, noski, amodiozko gau ero hartan elkarri eman zioten azkena. Haien gorputzak behin eta berriz batu baitziren, oraintxe uretan, oraintxe belar gainean, harik eta maitale zoriontsua, oharkabean, lo bete-betean gelditu zen arte.

Bat-batean, deabruzko barre-algara ikaragarri batek esnarazi zuen gaztea. Garrasi egin zuen ikaraturik, barre-algara hura nork egin zuen ikustean; bere aurrean neskatxa eder hura zeukan berriro, berari maltzur- maltzur begira eta urrezko orraziaz ilea orrazten, esaten ziolarik:

- Ez zuen lotan geratu behar, mutil! Orraziaren jabe zinen bitartean, zeurea zen oso-osorik; baina atzera eskuratu dut orrazia eta aurrerantzean neurea izango zara, sekula betiko! –eta berriz ere barre-algara eginez, esan zuen-: Bioltzak ez zidan den-dena garbi esan; ez zidan esan bera ere lamia dela, gu bezalaxe; ez zidan esan derrigorrez zure amaorde izan eta kristau itxuran azaldu beharra zeukala, ni zeure jabe egin arte; oso maite ninduen, hala ere... Orain beranduegi da, zeure amaordea aintzirara itzuli da eta zuk nirekin etorri behar duzu

Bere burua estu eta larri ikusirik, Uda ziztu bizian jaiki eta lasterrari eman zion, halako egoera arriskutsutik nola edo hala ihesi egin nahian. Alferrik, ordea; une horretan itxura beldurgarrizko ipotx talde batek bidea itxi eta Utxingo ur goibeletara bultzatu baitzuten indarka. Lamiak, ilargiaren argitan zuri-zuri, joateko keinua egin zion besoekin. Aintziran, urperatu baino lehen, zorigaiztoko ehiztariak izu-ikaraz ikusi zituen bere inguruan beste lamia batzuk, geldi-geldirik, bere maitale ederraren antzera maltzurki begiratu eta barre egiten ziotela.

Handik egun batzuetara, Uda gaztea eta amaorde zaharra inon agertzen ez zirelako oso kezkaturik, Bakioko bizilagunak inguruko zoko-moko guztiak arakatzen hasi ziren, haien bila. Aurkitu zituzten noizbait mutilaren arropak lamien aintzirako bazterren batean utzita, baina haien jabearen arrastorik, inon ez. Halaxe, bada, elkarrekin bilera eginik, erabaki zuten haien bila jarraitzea arriskugarria ez ezik guztiz alferrikako ere bazela, eta beren etxeetara itzuli ziren.

José Dueso Lamiak eta Sorginak ROGER Editor Donostia, 1998