JENTILAK

1. JENTILEN AKABERA (Tes, Aud)

2. JENTILA ETA KRISTAUA (Tes)

3. JENTILAK ETA ATSO ZELATARIA (Tes)

4. JENTILAK: URREZKO IZARA (Tes)

5. JENTILKOBAKO JENTILAK (Tes)

6. ZAITEGIKO ATSOA (Tes)

7. BOLUNAKO JENTILA (Tes)

1. Jentilen akabera

Bertsio ezberdinak:

Ataungo Leizadi mendian

Jentilak Leizadiko koba batean bizi zirela, sekulako izar eder bat hodeietan agertu omen zen. Halako izarra ikusi zutenean, jentil horiek erabat ikaratuta munduan zer gertatu behar ote zuen ezin asmaturik omen zebiltzan. Halako batean, koba barruan erdi itsututa zegoen jentil zahar bat ataka aurrera atera eta zabaldu endaiekin betazalak eta hodeietara begira jarri omen zuten, hark izar hari zer zen antzemango ziola eta.

Ikusi orduko deiadar egin omen zuen: “A, nire umeak: Kixmia jaio dek, galduak gaituk oraintxe. Bota nazazue ni hemendik gainbehera!"

"Kontakizunaren esanahi historikoa argi azaltzen da, zeren eta bera dena bi gertakari historiko oroitaraztera zuzentzen baita: Jesu Kristo G.J.aren etorrera eta jentiltasunaren deuseztatzea." 

Barandiaranena

"...Ataunen nire haurtzaroan, maiz entzun nuen bertsio baten arabera, behin jentilak Aralarko Argaintxabaleta zelaian jolasean ari zirelarik, beraiengana zetorren laino argidun bat sumatu zuten Ekialdetik. Agerkundeak izuturik, zahar jakintsu bati hots egin eta haien artera ekarri zuten, laino harrigarria ikus zezan eta haren esanahia argi ziezaien. Zaharrak zera esan zuen: "Kixmia jaio duk eta gure arrazaren denbora joan duk! Amil nazazue mallo horretan behera!"

Besteek bertan amilarazi zuten, eta lainoa atzetik zutela -lainoari iheska alegia-, mendebalderantz jo zuten lasterka estuan, eta Arraztarango harantxora heldu zirelarik, anabasan sartu ziren denak batera geroztik Jentilarri deritzan harlauza handi baten azpira: Jentilarri hau, zenbait urte beranduago Arantzadi eta Eguren doktoreekin batera miatu nuen ganbera bikoizko trikuharria da. Honela egin zuen jentilenak, elezaharrak dioskunez.

Ohiartzun

Mairuak zuloetan bizitzen omen ziren. Orduan, lainorik ez zen ikusiko noski, eta, behin batean, laino polit bat agertu omen zen zeruan, eta denak harrituta geratu omen ziren.

Aitona zahar-zahar bat ba omen zuten, aspaldian itsu zegoena, eta lainoak zer esan nahi zuen harexek jakinen zuela eta, zuloko txoko batean zegoen hartatik hartu, eta atarira argitara atera omen zuten. Itsua nola baitzen, basora joan eta pago urkuluak egin, eta pago urkuluekin begiak ireki omen zizkioten.

Aitona zaharrak lainoa ikusi eta “Gazteak! — esan omen zuen— "gazteak, gure denbora joan duk: Jesus mundura jaio duk eta gu galduak gaituk”.

Hori esan, eta denak kuzkur-kuzkur zuloan sartu eta akabo!, ez omen ziren gehiago sekula atera.

Horregatik esaten zigun askotan aitonak zerbaitetan trabatu eta erortzen ginenean: "Mairuari bezala pago urkuluekin begiak zabaldu beharko ote dizkizuegu?"

Balankalekun

Jesu Kristo G.J. mundura jaio baino lehen, jentilak bizi omen ziren Balankalekun. garai hartan ez omen zuen euririk egiten, eta ez omen ziren lainoak ikusten zeruan. Han urrunean aurreneko lainoa agertu zenean, denak beldurtu omen ziren. Haien artean ba omen zen bere bordan erretiraturik bizi zen 400 urteko aitona zahar bat. Handik atera omen zuten agerkundea ikus zezan, baina alferrik!, ezin baitzituen begiak zabaldu. Orduan, balenka batzuen laguntzaz zabaldu omen zizkioten betazalak. Aitona zaharrak lainoa ikusi zuenean deiadar egin omen zuen: "Gure arraza galduko duk".

Eta, izan ere, une beretik, kristaugoa barreiatuz hasi omen zen eta jentilak desagertu egin omen ziren.

Jentil zaharraren begiak zabaltzeko balenkak erabili zituztela eta, hortik omen dator Balenkaleku izena.

2. Jentila eta kristaua


    Muskiko koban bizi zen jentil batek behin kristau bat harrapatu omen zuen. Kobatik alde egin ez zezan, eraztun magiko bat eskuko behatz batean sartu omen zion, “hemen nago, hemen nago” deiadarka aritzen zena.

    Behin, kristaua jentilak pilatuta zituen ardi-larruen artean ezkutatu omen zen. Eraztunaren hotsa urruti xamar entzuten zuela eta, kanpotik ote zetorren pentsatzen jarri zen eta atea ireki zuen, kobatik irtenez. Orduan, jentilak larru pila astindu eta lasterrari emanda jesus batean handik alde egin omen zuen.

    Baina jentilak eraztunaren hotsa entzun, eta bere atzetik jarraitu zuen korrika. Kristauak berehala etsi egin omen zuen orduan egoera ikusita, eta eraztuna zeraman behatza moztu eta Mekolaldeko ibaira botatzea pentsatu, eta, egin, egin zuen. Jentilak, eraztunaren deiadarrak errekako osinetik zetozela entzutean, bertara salto egin zuen eta han ito zen. 

3. Jentilak eta atso zelataria

    Ataungo plazako eliza jentilek egina dela esan ohi dute.

    Kristauak orain hilerria dagoen tokian hasi omen ziren eliza egiten, baina egunez han biltzen zituzten harri guztiak, gero, gauez, Jentilbaratzako jentilek beheko erreka ondora, orain eliza dagoen lekura, jaisten omen zituzten.

    Gau batean Zaindegiko andre bat etxeko leihotik begira zelatan jarri omen zen, harriak behera nork jaisten zituen ikustearren.

    Jentil bat idiekin lanean omen zebilen, eta Zaindegi ondotik igarotzean esan omen zion: 

Aida zurie, aida gorrie,

Zelatan dagon andra horri

Ataiok ezkerreko begie

    Ordutik aurrera andre hura begibakar gelditu omen zen, eta geroztik denak jentilen esanetara makurtu eta orain dagoen lekuan eliza egiten jarri omen ziren.

4. Urrezko Izara

Ataunen baziren senar-emazte batzuk San Martin gorenean bizi ziren jentil batzuen lagun egin zirenak. Arratsaldero-arratsaldero jentil horiek herrira jaisten ornen ziren eta senar-emazte haien etxean biitzen ornen ziren solasean eta kartetan aritzeko. Eta oso arratsalde eta gau parte gozoak pasatzen ornen zituzten, harik eta gauerdiko oilarrak kukurruku jotzen zuen arte.

Egun batean, etxekoandrea gaixotu egin zen, baina, hala ere, egunero jaisten ziren jentilak. Orain, ordea, urrezko hariz egindako izara bat ekartzen zuten eta ohe gainean zabaltzen zuten. Gaueko hamabietan, oilarrak jotzen zuenean, izara bildu eta alde egiten zuten.

-Konturatu al zara zer izara? -galdetu zuen emazteak eta senarrak baietz erantzun zion-, Urrezkoa da... -jarraitu zuen etxeko-andreak- erreal politak emango lizkigukete horrengatik...

Eta biek elkarri begiratu zioten hitzik ere esan gabe.

Biharamun gauean jentilak beti bezala agertu ziren, garai-garaian eta ohazal eder harekin, ohe gainean zabaltzeko. Gaua giro ederrean igaro zuten, baina bi baserritarrek diruzalekeria barru-barruraino sartua zuten eta, erraldoiak bestetan zeuden une batean, gizonak iltze batzuk hartu eta ohezurari josi zion izara.

Oilarrak jo zuenean, jentilak izara asotzera joan ziren, baina ezin izan zuten, iltzez josia zegoelako. Indarrez tira eta hautsi egin zuten. Haserreturik, aide egin zuten handik etxeko jabeei madarikazio bat bota ondoren:

-Etxe hau zutik dagoen bitartean hemen ez da faltako begibakar, besamotz edo herrenik.

        Eta, Ataunen kontatzen denez behintzat, urte askotan horrelaxe izan omen zen.

5. Jentilkobako Jentilak


    Egino herriko gizaseme bat mendira joan zen beste askotan bezala, baina zoritxarrez Jentilak topatu zituen eta bereraien bizilekua zen Jentilkobara eraman zuten. 

    Bertan, Jentil amon bat zegoen eta gizona ikustean esan zuen: 

    - Gibeltxo freskoak nahi ditut! Gibeltxo freskoak nahi ditut! 

    Eginoko gizona egoera larriaz ohartuta, ihaes egiteko asmoz, tripak nahastuta zeuzkala eta beharrak egitera kanpora ateratzen uzteko eskatu zien. Jentilak gizonaren asmoak antzeman zituztenez, soka batekin hanka lotu zioten eta harkaitz baten atzera joateko esan zionten. Denbora gehiegi zeramala eta, zertan ari zen galdetu zioten, eta gizonak ez zuela amaitu erantzun zuen.

    Ondoren soka adar bati lotu zion, eta jentilek sokari ten egitean bertan jarraitzen zuela pentsatu zuten. Gizonak mendian gora ihaes egin zuen, baina Jentilak konturatu zirenean, erabat oldarturik, txakur piztiak lagun zituztela gizonaren atzetik abiatu ziren. Baina, maldan gora zihoazela, une batean txakurrak eremu baten inguruan biraka hasi ziren, eta aztarna galdua izango zutela pentsatu zuten. Gizona alde eginda, urrun izango zela pentsatu zuten, eta haitzulora itzuli ziren. 

    Eginoko gizasemea ordea, haritz batera igota zegoen, eta horrelaxe jentilen atzaparretatik ihes egitea lortu zuen.

6. Zaitegiko atsoa

Plazako eliza jentilek egina dela esan ohi dute.

Kristauak orain hilerria dagoen tokian hasi omen ziren eliza egiten, baina egunez han biltzen zituzten harri guztiak, gero, gauez, Jentilbaratzako jentilek beheko erreka ondora, orain eliza dagoen lekura, jaisten omen zituzten.

Gau batean Zaindegiko andre bat etxeko leihotik begira zelatan jarri omen zen, harriak behera nork jaisten zituen ikustearren.

Jentil bat idiekin lanean omen zebilen, eta Zaindegi ondotik igarotzean esan omen zion: Aida zurie, aida gorrie,

Zelatan dagon andra horri

Ataiok ezkerreko begie

Ordutik aurrera andre hura begibakar gelditu omen zen, eta geroztik denak jentilen esanetara makurtu eta orain dagoen lekuan eliza egiten jarri omen ziren.

7. BOLUNAKO JENTILAK 

Garai baserriko andre bat Goikolako errotatik etxera zihoala, Boluna ondoko kurtzeroan emakume bat ileak orrazten topatu zuen. Hura ikusi zuenean, bere orrazia utzi eta alde egin zuen. Garaiko andre horrek, orrazia hartu eta etxera eraman zuen.

 Hurrengo gauean etorri egin zitzaion orraziaren bila etxera ileak orrazten egon zena, eta esan zion emateko, bestela mendekua hartuko ziola. Gero eman zion eta jentila joan zen kobara. 

Kortezubiko Tomas Kobeagak kontatuta 1919an