BASAJAUN eta BASANDERE
BASAJAUNA ETA SANMARTIN TXIKI: zerraren sekretua (Tes, Audioa)
BURDIN ZATIAK SOLDATZEAREN SEKRETUA (Tes)
ERROTA ARDATZAREN SEKRETUA (Tes)
GARIA EREITEAREN SEKRETUA (Tes)
BASAJAUNA ETA IKAZKINA (Tes)
MONDARRAINGO BASANDERE (Tes)
BASANDERE ETA XALBATOREKO ZUTARGIA (Tes)
BASAJAUNA UNAIEN LAGUNA (Tes)
HIRU EGI (Tes)
BASA JAUNA ETA HIRU ANAIAK (Tes)
1. Zerraren sekretua
Elezaharrak dioenez, behin batean, San Martiniko izeneko gizon ausart batek zerra egiteko moduaren sekretua atera omen zion.
San Martinikok ba omen zuen Basajaunak sortu zuen zerraren berri, baina berak ez zekien nola ekoiztu. Jakin-minak bultzatuta, trikimailu bat bururatu zitzaion.
Horrela, bidali zuen morroia herrira, eta hark bere nagusiak zerra egitea lortu zuela zabaldu zuen herritarren artean.
Basajaunaren belarrietara ere iritsi zen berria, eta morroiari horrela galdetu omen zion: ‘Hire nagusiak gaztainondo hostoa ikusi dik, ala?’ Orduan, morroiak honela erantzun omen zion: ‘Ez du ikusi baina ikusiko du!’.
Morroiak berehala kontatu zion San Martinikori sekretua, eta hark, ezeri itxaron gabe, zerra egin zuen.
Basajauna, gauez, San Martinikoren etxera joan zen berria ziurtatzera. Zerra egina zegoela ikustean, amorruaren amorruz, zerraren hortzak, banaka-banaka, bata eskuinera eta bestea ezkerrera okertu omen zituen, zerratzeko gauza ez zela uzteko asmotan. Baina, hara non, kaltetzeko asmoan egindako ekintza gaizto hark onura ekarri zion San Martinikori, hortzak modu horretan jarrita, askoz hobeto zerratzen baitzuen zerrak.
2. Burdin zatiak soldatzearen sekretua
Elezaharrak dioenez, behin batean, San Martiniko izeneko gizon ausart batek bi burdin zatiren soldatzea egiteko moduaren sekretua atera omen zion. San Martinikok ba omen zekin Basajauna gai zela burdina soldatzeko, eta sekretua atera nahian Kortezubiko bailaran berak ere bazekiela zabaldu omen zuen. Orduan, Basajaunak berria zabaltzen ari zenari honela galdetu omen zion:
- San Martinikok ur buztintsuarekin ihinztatu dizkik burdin zatiak ala?
- Ez du egin, baina egingo du! - erantzun zion aldarrikariak.
Horrelaxe, bi burdinzati galdatzeko buztin urtsua erabiliz, San Martinikok lortu zuen soldatzea. Hortik aurrera, munduan zehar edatu zen burdina soldatzeko modua.
3. Errota ardatzaren sekretua
Sara inguruan kontatzen denez, San Martinikoren errota ardatza haritz egurrez egindakoa zen, eta nahiko arin erretzen zen, bere eginkizunerako hondatua geldituz. Basajaunaren errotak luzaro irautezuen ordea. San Martiniko sekretua jakin nahian bere errota atsedenik gabe lanean ari zela zabaldu omen zuen. Orduan, Basajaunak berria zabaltzen ari zenari honela galdetu omen zion:
- San Martinikok errotari haltzaren ardatza jarri dio ala?
- Ez, baina jarriko dio! - erantzun zion aldarrikariak.
Horrelaxe, San Martinikoren trikimailua dela medio, etengabe lanean aritzeko moduko errotak zabaldu ziren munduan.
4. Garia ereitearen sekretua
Garai batean Muskiko koban (Ataun) basajaunak bizi omen ziren. Han, inguruko mendi gainak erabilita, sekulako gari mordoa biltzen omen zuten. Beheko lurretan, berriz, kristauak bizi omen ziren, eta artean ez omen zuten oraindik garirik ereiten, alerik ez baitzuten.
Behin, Sanmartintxiki, abarka handi batzuk jantzita igo omen zen Muskiko kobara; eta hango gari-pila ikusita, basajaunei apustua luzatu zien, ea zeinek salto handiagoa egin gari piloaren gainetik.
Basajaunek erraztasun handiz igaro omen zuten saltoan gari-pila; Sanmartintxiki berriz, gari-pilaren erdian erori omen zen, baina baita abarkak gari-alez bete ere! Gero, handik alde eginda, Sanmartintxiki etxera bidean zela, basajaun bat konturatu omen zen Sanmartintxikiren azioaz, eta aizkora txikia bota omen zion, baina ez zuen hura harrapatu. Olasagastiko gaztainondo baten gerrian sartu omen zen aizkora txikia.
Kristauek, hala ere, nahiz eta gari-alea izan, ez omen zekiten noiz erein; halako batean, ordea, basajaun bati entzun omen zioten barrezka nola esaten zuen:
Ja jaaaai! Balekite, hartuko lukete:
Orri irtete artoa ereite
Orri erortze garia ereite
Eta San Lorentzotan arbia ereite.
Ordutik zabaldu omen zen garia inguruko herri guztietan.
5. Basajauna eta ikazkina
Basajaun Askoa mendiko (Ataun) haitzulo batean bizi zen. Egun batean, basoan lanean ari ziren ikazkin batzurekin topo egin zuen. Ikazkin batek aizkora enbor batean sartua zuen, eta hain gogor sartu zuenez ezin zuen atera. Basajauni eskatu zion laguntza. Aizkoraren ahoak egina zuen zirrikituan hatzamarrak sartzeko eskatu zion Basajauni, horrela errazago aterako zuela eta. Basako jeinuak esandakoa egin zuen, baina ikazkinak aizkora ateratzean zirrikitua estutu zen eta hatzamarrak enborrean preso gelditu zitzaizkion. Basajauna ikazkinaren trikimailuan erori zen.
Basoko erraldoiak eskuak enborrari lotuak zituen, eta hau aprobetxatuz, ikazkinak Ataungo herrira eraman zuen jendeak ikus zezan eta barre egin zezan. Gero libre utzi zuen eta Askoako bere haitzulora itzuli zen. Ikazkina bere etxera joan zen, baina ordutik ez omen du inork ikusi; desagertu egin zen.
6. Mondarraingo Basandere
Basandere Mondarrain mendiko haitzulo atarian egoten omen zen urrezko orraziarekin bere ilea orrazten.
Behin batean, Itsasuko artzain batek orrazia ostu zion eta Basandere bere atzetik joan zen. Artzaina harrapatzekotan zegoenean, egunsentiko lehen printzak jo zuen harkaitz bat ikutu zuen honek, eta honela esan zion Basanderek:
- Eman iezaizkiok eskerrak eguzkiari! - eta bere lezera itzuli zen.
7. Basandere eta Xalbatoreko zutargia
Basandere Irati oihanaren ondoan dagoen Galharbekopotxa lezean bizi omen zen. Haitzuloan Basajaunek lapurtutako zutargi bat zuen.
Mendibe herriko Lohibarria baserriko semea bere behiekin larrean zebilela, Basanderek garbitu berria zuen zutargiaren dizdira ikusi omen zuen. Honek, Xalbatore baselizakoa zela ohartuta, zutargia lapurtu zion, eta azkar batean bere lekura itzultzera joan zen.
Basandere, haserrearen haserrez orruka hasi zen, eta Basajaun erakarri zuen bere ondora. Biak behizainaren atzetik abiatu ziren, eta harrapatzera zihozela Xalbatore ermitara iritsi zen.
- Salbador jauna zuregana nekarren zutargia, erruki zaitez nitaz! -esan zuen.
Une hortan baselizako kanpaiak jotzen hasi ziren.
- Kanpai hotsak libratu hau, baina baraurik harrapatzen hauten egunean gogoratuko haiz! - esan zion Basajaunek.
Handik egun batzuetara baserritarra baraurik topatu zuen Basajaunek. Honek izututa eskuak burura eraman zituen, eta hile artean gari ale bat topatu zuen. Berehala garia ahora eraman zuen, honela barau apurtuz, eta harriskuaz libratuz.
Oraindik ere zutargiak Xalbatore baselizan dirau.
8. Basajauna unaien laguna
Behin batean, Ezterenzubitik gertu, Espainia eta Frantziaren arteko mugan, lau unai gazte elkartu ziren arratsaldean behe-suaren inguruan, gero lo egingo zuten tapaki lodipean. Horrelakoetan, Basajauna ere etorri ohi zen haiekin batera berotzera. Ondoren, jan egiten zuen beretzat utzitako otamena. Unaiek aspaldi zaharreko ohitura zuten ogia, esnea eta zenbait fruitu heldu uztea. Esaten zenez, hura zen Anxoren partea.
Gau batean, unairik gazteena konturatu zen besteek ez zutela ohitura bete.
-Non utzi duzue Anxoren partea?
-Emaiozu zuretik nahi baduzu –erantzun zioten besteek.
Gazteak betiko oholaren gainean utzi zuen bere partea. Denak oheratu zirenean, beti bezala iritsi zen jaun basatia.
Berotu ondoren, mutikoak utzia jan zuen. Joan aurretik, janaria utzi zionaren arropa salbu, beste guztienak eraman zituen.
Gau horretan, hain zuzen ere, elur handia erori zen. Unaiek jaikitzean oso haserre jarri ziren bere arroparik aurkitu ez
zutenean. Basajaunaz gogoratu eta eskatu zioten gazteenari:
-Zoaz gure arropen bila.
-Ez.
-Erregu egiten dizugu.
Horrek beste zerbait ere esan nahi baitzuen, hobe zen onartzea.
-Zer sari emango didazue?
Bazen larrean inork nahi ez zuen behi argal eta zahar bat.
-Behi zahar argala.
-Bai –erantzun zuen gazteak-, banoa zuen arropen bila.
Basajauna bizi zen leizera joan zen mutil gaztea. Deiadar egin zuen:
-Anxo, emazkidazu nire lagunen arropak!
-Ez, ez dituzu hartuko.
-Emazkidazu, mesedez, bila bidali naute eta eramaten ez baditut jo egingo naute.
-Zer eskaini dizute lanaren truke?
-Inork nahi ez duen behi zaharra.
Basajauna algaraka hasi zen; ibar guztian zehar zabaldu zen bere barrearen oihartzuna. Leizeko sarreran agertu eta gauean ekarritako arropa guztiak jaurtiko zituen.
-Har itzazu ba- esan zuen jaun basatiak-. Eta har ezazu hurritz makila hau ere. Berarekin baliatuko zara behia markatzeko. Emazkiozu ehun kolpe txiki eta bat handiagoa.
Etorri zen gaztea arropekin eta lasterka joan zen belardi barrenera bere behia aurkitzera. Ehun kolpetxo eta handiago bat eman zizkion.
Aldi laburrera, behiak ehun eta bat txahal eder zituen. Unai gaztea aurrerantzean, Basajaunari esker, besteak baino
aberatsagoa izan zen, aldi honetan gizakien zereginez arduratzen baitzen.
Euskal Herriko kondairak. Michel Cosem
Ibaizabal argitaletxea
9. Hiru egi
Artzain bat atera zen bere etxolatik bere gauzak hartuta herrira joateko asmoz, baina matxarroa(1) ahaztu zitzaion eta bere bila itzuli zen. Etxolan zegoela Basajaunak aurkitu zuen bertan, eta honela galdetu zion:
- Zertara hator?
- Matxarroaren bila etorri nauk - erantzun zion artzainak.
- Hiru egi esaten badizkiak izango duk matxarroa.
Orduan artzaina pentsakor jarri zen eta honela esan zion:
- Zelako gau ederra! Eguna bezain argia duk, esan dezake norbaitek. Ez, sekula.
- Horra egi bat - esan zuen orduan Basajaunak.
- Bigarrena. Belea Herio bezain beltza dela esaten dute. Ez, sekula.
- Horra beste bat - esan zuen orduan Basajaunak.
- Hirugarrena. Nik gaur jakin banu hi hemen hitzala, ez ninduan etorriko.
- Aaa! Hori duk egia. To matxarroa.
Artzaina bere matxarroa hartu eta etxera joan zen pozik.
10. BASA JAUNA ETA HIRU ANAIAK
Behin batez baziren etxe batean etxeko andre eta bordaria. Bazituen bordari harek hiru seme. Egun batez erraten diote bere amari emateko pilota bana eta soseko olata bana, gan behar direla munduz mundu. Eta ama hura xangritzen da bere seme maiteak utzi behar dituela eta hiruak partitzen dire. Oihan baten erdian zirelarik ikusten dute ilhuna heldu zela eta anaia zaharrenak erraten du lehenbiziko arbola baten gainera guanen dela. Atzematen du arbola luze bat eta goiti igatzen da, gaineko puntta punttaraino. Eta bigarrenak erraten dio:
—Ikhusten duk jeusik?
Erraten dio:
—Ez. Ez dut pitxik ikhusten. Ez. Ez duk jeus ageri.
—Haua beheiti. Asto zaharra haiz hi.
Eta bigarrena igatzen da, eta ez du jeus ikhusten. Hirugarrenak, hura zen gaztena, erraten dio:
—Jeus ez zarete zuek. Ni igatuko nuk.
Eta igatzen da arras puntta punttaraino. Erraten diote:
—Ageri da jeusik?
Erraten diote:
—Bai. Ageri da khe luze mehe mehe bat, urrun, arras urrun. Guazen hari segi.
Eta partitzen die hiru anaiak elkarrekin. Arratseko zortzi orenetan arribatzen die xato handi batetan eta jotzen dute athia eta heldu ziote basa andria. Galdetzen du:
—Nor da hor?
Erresponditzen dute:
—Gu gare hemen.
Erraten diote:
—Zer nahuzue haur gaztiak? Nun zabiltzate tenore huntan?
—Galdetzen dugu, otoi indatzu gaurko leihorra. Heia zoko batez kontent gare tristiak.
—Nik ene senharra basa jauna dut eta harek hatzematen bazauzte, janen zaituzte, segurra da.
—Kanpuan ere atzematen bagaitu, bardin janen gaitu.
Orduan sartzen ditu barnean hiru anaia hek eta hiruak hiru zokotan gordetzen ditu. Gero bederatzi orenetan heldu da basa jauna. Iten zuen harrabots eta espantu, eta gero andria ateatzen zaio eta erraten dio:
—Badun hemen ene gaurko ahamen bat?
Erraten dio:
—Ez duk nihor.
—Bai badun norbeit. Atera zan, edo bertzela hihori janen haut.
Eta ateratzen dio anaia zaharrena arras izitua, eta basa jaunak erraten dio:
—Nahi haiz enekin mutil paratu?
Eta erraten dio baietz. Eta oraino basa jauna hasten da usainka:
—Badun hemen oraino bertze norbeit!
Eta ateratzen dio bigarrena. Erraten dio:
—Nahi haiz enekin mutil hari?
Eta erraten dio baietz.
Oraino haitzen zuen usaina norbeitena eta hirugarrena ateratzen dio eta erraten diote hiruei:
—Egun, afaldu eta ganen zarete ohera, bainan bihar ganen gaituk denak ihizirat.
Eta partitzen dire biharamunian arratseko zortzi orenak arte.
Bazuten hek etxean arreba bat. Ttikia zen, bainan denborarekin handitu zen.
Egun batez etxeko andriak eta bordariak baratzian bazituzten erraldiak arto heziak idortzen emanak, eta egun batez nihork ikhusten ez duelarik, nexka mehiak hartzen du etxeko andriaren arthotarik, ematen du bererat. Ikhusi zuenean etxeko andreak, hasten zaio oihuka erraten diolarik:
—Haizen bezelako ausarta, anaiek bezela fin gaixto in beharra.
Eta nexka hura hasten da nigarrez eta gaten da bere amarenganat eta erraten dio:
—Ama! Nik banuen anaiik?
Erraten dio:
—Bai, ene haurra.
—Zer in zien hek?
—Partitu zien, haurra, aspaldi.
Eta erraten dio nexka harek:
—Gan behar naiz ni ere. Ekartzu sei arteko kilo bat eta bi soseko olata bat.
Partitzen da eta arribatzen da basa jaunaren etxerat eta jotzen du athia eta sartzen da barnerat. Haren andreak erraten diolarik:
—Bainan, basa jauna duzu hemen.
Eta heldu dira lehenbiziko haren anaiak, bainan ez zuten elkhar batere ezagutzen. Eta gero heldu da Basa Jauna eta erraten dio etxian sartziarekin:
—Badun hemen enetzat zerbeit.
Erraten dio ezetz.
Erraten dio:
—Ager an!
Eta kusian irakhusten dio, eta erraten dio basa jaunak:
—Nahi haiz enekin neskato plazatu?
Erraten dio:
—Bai jauna.
Gero, handik zenbeit egunen buruan ezagutzen dute anai arrebek elkhar eta ongi besarkatzen, eta neskatxa hura hain ongi zelarik, arras mehatzen ari zen, eta egun batez bere anaia batek galdetzen dio:
—Zer duzu hola mehatzeko?
Eta ihardesten dio:
—Jaunak arrats guziez erhi pittina galdetzen athe xilotik eta handik erhia surkatzen.
Eta bethi gero ta tontoago zohan. Egun batez, anderia etxean ez zuelaik, haurhide hoiek elkharrekin hitz hartzen dute, beren basa jauna hil behar dutela eta erreka batian hulako tokitan atzemanen dutela. Eta atzeman eta hiltzen dute.
Egun batez haren anderiak galdetzen du nun den basa jauna. Eta erraten diote. Andere harek kentzen diotza hiru hagin eta ekhartzen ditu etxerat, eta manatzen du nexka hura, bere anaieri harratsean zanguak garbitzeko hagin bakotxarekin. Eta hirugarrena finitu orduko, hiruak idi bilakatzen zaizko. Eta neskatxa harek ibiltzen zituen hiruak landan eta hek biltzen zuten xori bakharrekin bizi zen neskatxa hura.
Egun batez zubi batean pasatzen zelarik ikhusten du andere hura zubi azpian eta erraten dio:
—Idi hoik ez baditutzu lehen zien bezala gizon bilakatzen, labe gorritu batean sartuko zaitut.
Erresponditzen dio:
—Ez, ez, zuazte halako erreketarat, eta handik ekhar hiru abrasta urritza eta bakotxari emozu bizkarrean hiru zartako.
Iten du harek erran bezela eta jende bilakatzen die lehengo manera berean, eta haurhide guziak elkharrekin zien basa jaunen xato hartan, eta ongi bizi zien, ongi hil zien.
Euskal ipuinak